Planaren kontrako plataformak inor iraindu izana ukatu du

Guaixe 2011ko otsailaren 10a

Aurreko ostegunean artxibatu zuen Urdiaingo Udalak hirigintza plana. Haren kontra sortu den Plan Hau Ez plataformak ohar baten bidez ukatu egin du Migel Angel Zubiria alkateak aurreko astean prentsaurrekoan egindako "deskalifikazio, eraso eta irain" salaketa. Plataformak dioenez, "Urdiaingo herriak bere eskubideak defendatu ditu, horretarako legeak eskaintzen dizkion bideak erabiliz, ez besterik". Plataformaren iritziz "Urdiain gaur herri bateratua da, bai momentu honekiko bai etorkizunarekiko konprometitua, kritikoa, aktiboa bere interesen defentsan". Plataformak dioenez, Urdiain ez omen da alkateak salatu zuen modukoa: "herri banatu, ezjakin eta manipulagarriarena, alegia".   Plan Hau Ez plataformak azaldu duenez, "etorkizuneko plan baten alde lan egitea geratzen zaigu. Iraunkortasun sozial, iraunkortasun ekonomiko eta ingurumenaren iraunkortasuna arautzen dituzten legeak kontutan hartzen dituen plan bat". Plataformak dioenez, hirigintza plan berriak momentuko benetako beharrak, eta epe ertainean aurreikus daitezkeenak kontutan hartu beharko lituzke. Horretarako irizpideak  urbanismo modernoaren arauak, gardentasuna eta herritarren parte hartzea izan beharko dutela azaldu dute. Plataformak bere kideak zoriondu ditu, "egindako lanarengatik eta lortutako kohesioarengatik". Baita Erriberriko Aurora Sada eta Lizarrako Pilar Malon ere, "emandako laguntza eta elkartasunagatik".