Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Helduak, gazteak eta haurrak, adin eta herri anitzeko ikasleak ditu Koldo Arnanz altsasuarrak. Besteak beste zenbait urdindar ditu bere margo tailerrean. Urdiaingo artista berrien lanak ikusgai daude Kaluxa tabernan.Taberna koloretsuaKaluxa tabernako hormak apain-apain daude azken aldian. Urtea hasteko, Bixen Galloren margolan ederrekin apaindu zuten taberna. Orain, berriz, herriko artista gazteek hartu dute txanda. Tabernako horman zintzilik daude Oihane Agirre, Udane Aristizabal, Joana Berastegi, Jon Etxarri eta Edurne Goikoetxearen margolanak. Guztiak ere Koldo Arnanz altsasuarraren ikasleak dira.Kaluxako jabe Benito Arakamarekin batera, Koldo Arnanzek erakusketan parte hartzera gonbidatu zituen Urdiaingo ikasleak. "Badira ikasle gehiago, baina bost horiek animatu dira". 8 urtetik 13ra dituzte eta bizpahiru urte daramate Koldoren margo tailerrean. "Margotzea gustuko dut eta horregatik joaten naiz margo tailerrera" dio Udane Aristizabalek, denetan gazteenak. Bertan, ideia eta teknika berriak landu, esperimentatu eta beldurrik gabe sormena askatzeko aukera dute. Lan horren emaitza ikusgai dago Kaluxa tabernan. Hamar bat koadro daude ikusgai, loreak, paisaiak, abstraktuak eta beste, gehienak ere akrilikoekin eginak. Artea herritik gertuHelburu bikoitzarekin antolatu du Kaluxa tabernak margo erakusketa. Batetik, herritarrak mugitzeko eta bestetik, bezeroei herrikoen lana aurkezteko. "Nik gustuko dut argazkilaritza eta zenbaitetan herriko argazkiak jarri ditut tabernan eta bezeroek gustuko dute" azaldu digu Francis Irigoienek. "Polita iruditu zaigu herriko margolarien lanei lekua egitea" gehitu du. Koldo Arnanzi margolanen erakusleiho polita iruditzen zaio taberna. "Herritarrek beste egitekorik gabe joan behar dira kultur gune edo erakusketa gelara. Hemen, berriz, artea herritarrengana hurbildu da" azaldu digu.