Gobernuak industrialdeko lanak eman ditu

Guaixe 2011ko maiatzaren 9a

Nafarroako Gobernuak, Nasuinsa sozietate publikoaren bidez, Urdiain-Altsasuko industrialdearen lehenengo fasea eraikitzeko obrak eman ditu. Lana Harinsa Navasfalt enpresari esleitu zaio, 2.524.430 euroren truke, hau da, hasierako prezioa %27,65 jaitsita (13 eskaintza izan ziren). Lanak egiteko epea 10 hilabetekoa da.Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, Urdiain-Altsasuko industrialdea Foru Komunitatean azpiegitura publikoak bultzatuko dituen Nafarroa 2012 Planera bildutako lehentasunezko jarduna da. "Horri esker, Sakanan industria-lurzorua sortuko da".Lehen faseaBerrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak jakinarazi duenez, "Urdiain-Altsasu industrialdea faseka eraikiko da eta gauzatzea egon dagoen industria-lurzoruaren eskaerara egokituko da, enpresa-proiektu berriak modu egokiagoan artatzeko". Departamentuak azaldu duenez, lehen fase horrek 169.345 m2-ko azalera du. Haietatik 90.924 m2 industria partzeletara bideratuko da. Neurri ezberdinetako partzelak sortuko direla azaldu du departamentuak, " industria txikiak, ertainak eta handiak ezarri ahal izateko". Urdiaingo dermioan dago eta industrialdea izanen denaren %26ko azalera hartuko du.Urdiain eta Altsasuko Udalek behin eta berriz eskatu diote Jose Maria Roig Aldasoro kontseilariari mahai bat osatzea. Altsasuko alkate Unai Hualdek azaldu digunez, eskaerak indarrean jarraitzen du. "Zein enpresa etorriko diren adostu nahi dugu mahai horretan". Hualdek gaineratu duenez, "kontseilariak ez digu esan enpresa zehatz batek etortzeko interesik duen. Esan diguten bakarra da edozein motatako eta tamaina ezberdinetako enpresak jartzeko dela lehen fase hau".Gobernua industrialdeazNafarroako Gobernutik azaldu dutenez, "Urdiain-Altsasuko industrialdea garatzeak interes berezia du, inguruko enpresa-ehuna berritzeko eta modernizatzeko, inbertsio berriak erakartzeko eta lanpostuen sorrera errazteko". Foru Gobernuak Sakana ingururako planifikatutako lurzoru publikoaren hornidura handiena da. Industrialdeak 938.689 m2-ko azalera du. Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez, "Sakanak gaur egun duen beharrizan nagusietakoa industria-lurzoru antolatu eta urbanizaturik ez izatea da". Eta gogora ekarri du krisi ekonomikoak gogor astindu duela ibarra.Industrialdeak bi sektore ditu. Aurrenak, Urdiaingoak, 647.139 m2-ko azalera du. "Jarduera ekonomikoen ohiko poligonoaren egitura du, partzelazio malguarekin, enpresa txiki eta ertainak ezartzeko".  Bigarren sektoreak, Altsasukoak 290.558 m2-ko azalera du.  "Azalera handiagoko partzeletarako pentsatutako antolamendua du, eta merkantziak trenbidez garraiatzeko pentsatutako partzela handi bat du".Altsasuko Udalak partzela horren hirigintza-garapen xehatua egin behar du. Nafarroako Gobernuak oraintsu Altsasuri dagokion poligonoaren zatian azterketa bat egiteko baimena eman du, urbanizazioaren garapena baldintzatu dezaketen aurri arkeologikoak dauden zehazteko.