Bildu alkatetzan

Guaixe 2011ko ekainaren 15a

Larunbatean, 11:00etan, estreinakoz batzartu zen Urdiaingo Udala. Zazpi zinegotziekin batera, aurreko legegintzaldiko hiru udal ordezkari izan ziren kargu hartzean. Zinegotzi guztiek hitz eman zuten kargua, Bildukoek legeak hala aginduta formula erabiliz. Sebastian Aristizabal Irigoienek bere kideen botoekin eskuratu zuen alkatetza. Ondoren, Bilduko kideek gogoan izan zuten hauteskunde emaitza oso parekoa izan zela eta elkarlanean aritzeko deia egin zuten. Alkate izendatu berriak Beleixe Irratiari (FM 107,3) adierazi zion "herriarendako funtsekoak diren gai potoloak adostasunean aurrera ateratzea" espero duela. Industrialdeaz galdetuta Aristizabalek esan zuen egitasmoa zertan dagoen jakin nahi dutela, haien ideiak lantzeko aukera dagoen jakiteko. Azkenik, aurreko legegintzaldian hainbeste zeresan eman duen hirigintza plangintzaren inguruan alkate berriak esan zuen: "Berria eginen dugu, horretarako, herriaren nahia eta borondatea jaso eta bideratu nahi dugu".  Udalaren osaera: Bildu, Sebastian Aristizabal Irigoien, Aitziber Irigoien Irigoien, Maite Aldaz Arroyo eta Estibaliz Irigoien Irigoien.Urdiaingoak Elkarturik Aurrera, Regina Galarza Galarza, Jose Maria Otxoa-errarte Goikoetxea eta Maria Inmaculada Goikoetxea Goikoetxea.