Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Domekan San Pedro zelaian bildu ziren urdiaindarrak. Giro ederra lagun bazkaldu zuten. Herrirako bidea hartu aurretik zortzikoa dantzatu zuten. Alkateak zabaldu zuen dantza saioa, baina Aitziber Irigoien zinegotziarekin partekatu zuen dantza, bien artean osatuz. Hala Irigoien izan da zortzikoa dantzatu duen aurreneko emakumea. Zelaian bertan Urdiaingo Udalak Roman Irigoien omendu nahi izan zuen. Urtetan Romanek udalarendako San Pedrotako bazkariko haragia prestatu izan du. Horregatik, plaka oroigarri bat oparitu zioten. Arrebarekin batera jaso zuen plaka Iriartek. Honako eskaintza zuen: Urdiaingo herriek, urte hauetan emandako aldi guztiengaitik, eskerrik asko. Larunbat eguerdian Maite Aldazek piztu zuen festak iragartzen dituen etxajua. Auzatearen ondoren lau talde urdiaindar kalderete lehiaketan neurtu ziren. Festina team taldeak eskuratu zuen saria. Atzetik gelditu ziren Kaxkarrias, Hobenak eta AHTrik ez! taldeen eltzekoak. Haien lapikoetatik ateratako gisatuak herri bazkariko arrazioa izan zen. Indarrak hartuta gero herri kiroletan neurtu ziren urdiaindarrak.