Pilotalekua Urdiaingo haurren bilgune

Guaixe 2011ko uztailaren 21a

Festetako ajea gaindituta, uztailaren 11tik, 31 haur biltzen dira Urdiaingo Udan Euskaraz ekimenean. Gehienak 4-5 urte dituzte, baina badira 6 urtetik 11ra artekoak ere. Urdiaingo pilotalekuan biltzen dira guztiak, astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Agorrilaren 5era arte hamaika jarduera eginen dituzte Aitor Irigoien eta Maddalen Pelaez begiraleen gidaritzapean. Urdiandarrek goizeko 10:00etan hasten dute jarduna, eskulanekin. Esaterako, aste honetan, mural koloretsua egiten aurkitu ditugu. 11:00ak aldera, Urdiainen barna gosaltzeko txoko eder baten bila abiatzen dira. Ondoren, jolasetarako tartea dute. Batzuetan, bideratutako jolasak izaten dizute eta beste batzuetan jolas librea. Bestalde, begiraleek jakinarazi digutenez, igerilekuetara bi irteera egiteko asmoa dute. Dena ez da jolasa izanen; Urdiaingo txikiek lantxo bat ere badute: hilabetean zehar jasotako pistak jarraituz, pertsonaia ezkutua aurkitu beharko dute. Lagun misteriotsuak mezu bat du Urdiaingo haurrendako.  Urdiaingo Udalak eskainitako zerbitzua aisialdiko eskaintza hutsa baina gehiago da: euskararen eta, bereziki, Urdiaingo euskalkiaren erabilera sustatzen saiatzen dira.