"Ez genuen halako erabakirik espero"

Guaixe 2012ko otsailaren 14a

Urdiaingo Udalean Nafarroako Gobernuak Urdiain-Altsasu industrialdea ez egiteko erabakia ezustean harrapatu dituela esan digu Sebastian Aristizabal Irigoien alkateakUrdiaingo Udalean ez zuten gogoko Nafarroako Gobernuak herriko eta Altsasuko lurretan aurreikusitako industrialdea, Udalez Gaindiko Plan Sektorial (UGPS) bidez garatu behar zena. Tamaina handiagatik eta helburuengatik ez zutela gogoko esan digu Aristizabalek. Urdiaingo alkateak azaldu digunez, gobernuak egitasmoa bertan behera uzteko erabakiak "pixka bat harritu" ditu. "Proiektua eginda, hornidura sareetako lanak eginak eta lurren desjabetzetan dirua gastatua zegoen. Hori ikusita, ezusteko erabakia izan da UGPS indarrik gabe uztea". Izan ere, udalean sinetsiak zeuden aurten ez bazen aurrerago Nafarroako Gobernuak lur horietan zerbait eginen zuela, "egokitua. Ekonomia gune bat, zerbitzu arloa bulkatzeko zerbait edo epe ertain edo luzera motore izanen zen jardueraren bat jarri, lanpostuak ekar zitzakeena". Gobernuak diru publikoa urbanizazioaz gain beste zerbaitean inbertituko zuela uste zuten. AurreraAristizabalek azaldu digunez, "Nafarroako Gobernuak UGPS beste aukerarik ez du eman. Industrialde handiaz aparte beste aukerez aritzeko modurik ez dugu izan. Planarekin batera horko aukera guztiak joan dira". Planarekin eginda zegoen lana baliatuta, bi administrazioen arteko jarrerak hurbiltzeko aukera galdu dela adierazi digu Aristizabalek. Aurrera begira Urdiaingo Udalak zer eginen duen galdetuta, Aristizabalek bi elementu aipatu dizkigu: alde batetik, indarrik gabe gelditu den industrialdeko plana eta, bestetik, hirigintza plana. "Berria izan behar zuena artxibatuta dago eta hirigintza plan zaharra dago indarrean. Elementu horiekin, udalak zer egin aztertzen ari da, aurrera egiteko".Alkatearen iritziz, industrialde egitasmoa bertan behera uzteko erabakia diru arrazoiengatik hartu du gobernuak. Inbertsioa egin ondoren lur sailak ez saltzeko arriskua zutela uste du Aristizabalek. Bestetik, alkateak esan digunez, Nafarroako Gobernua prest dago desjabetutako lurra jabeei bueltatzeko. "Batzuk kobratu dute, besteek ez. Ez dakit nola konponduko diren".