Guztia prest Sakanako X. Haur Triatloirako

Guaixe 2012ko uztailaren 20a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, hainbat entitateen laguntzarekin - Sakanako Triatloi Taldea, Urdiaingo Aitziber elkartea, Urdiaingo Udala eta Nafarroako Triatloi Federazioa - Sakanako X. Haur Triatloia antolatu du bihar, garilaren 21ean, larunbatean, Urdiaingo igerilekuetan. Probak goizeko 10:30ean hasiko dira. Aurrebenjamin mailatik hasita juniorretaraino, triatloi proba politez gozatzeko aukera izango da Urrizti eta San Pedro paraje ederretan. Proba Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria da. Ondoko kategoriendako probak jokatuko dira: aurrebenjaminak, benjaminak, kimuak, haurrak, kadeteak eta juniorrak. Bertan parte hartzeko aurretik izena emana beharra zegoen www.navarratriatlon.com web gunean. Kirol Zerbitzutik adierazi digutenez, 100 inskripzio inguru daude eginda. Nolanahi ere, informaziorako Kirol Zerbitzura hots egin daiteke (948 464 866 telefonoa). Proban aritu ahal izateko triatletek derrigorrezkoa izanen dute kaskoa eta mendiko bizikleta erabiltzea. Igeriketa probak Urdiaingo igerilekuan jokatuko dira, eta bizikleta probarako zirkuitu ederra prestatu dute Urdiaingo igerilekuetako bidetik abiatu eta Sarabe parajean barna. Korrika egiteko ere zirkuitua antolatu dute igerilekuetatik gertu.Probaren distantziakAurrebenjaminak  (05-04): 10:30ean (25 m igeri, 1 km txirrindula, 200 m korrika)Benjaminak (03-02): 10:50ean (50 m igeri, 1,5 km txirrindula, 300 m korrika)Kimuak (01-00): 11:10ean (100 m igeri, 3 km txirrindula, 500 m korrika)Haurrak (99-98): 11:30ean (200 m igeri, 6 km txirrindula, 1.000 m korrika)   Kadeteak (97-96): 12:00etan (300 m igeri, 9 km txirrindula, 2.000 m korrika)Juniorrak (95-94): 12:00etan (300 m igeri, 9 km txirrindula, 2.000 m korrika)