Arrazoia eman diete

Guaixe 2012ko urr. 31a, 19:30

Oier Lakuntza Irigoienek ezgaitasunagatik dagokion diru-laguntza eta Kimika Kuantikoko doktoretza tesiko bekatik dagokiona kobratu beharko dituNafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak (NJAN) arrazoia eman dio Oier Lakuntza Irigoien urdiaindarrari. Epaitegi Sozialak erabakitakoa berretsi egin du NJAN-ek, Gizarte-segurantzaren erreklamazioa atzera botaz. Honek beka bat jaso izanagatik ezgaitasunagatik zegokion pentsioa itzultzea eskatzen zion gaztearen familiari. Horrela, Oier Lakuntzak ez dio Gizarte-segurantzari dirurik itzuli beharko. Are gehiago, ordutik kobratu ez duen pentsioa jaso beharko luke.

Osasun arazoei aurre eginez
Aski ezaguna da Oier Lakuntza Irigoien gazte urdiaindarra Sakanan. Bertsolaria, ikasle fina eta biziak jarritako oztopoak gainditzeko adorez betetako gaztea. Gaixotasun arraro bat dauka, Wolfram sindromea, gaixotasun neurodegeneratiboa. Bere eragin nagusienak ikusmen eta entzumen nerbioen galera dira. Bestalde, diabetesa dauka eta intsulina jarri beharra du. Diabetes insipida ere badu, eta horren eraginez gorputzak likidoak mantentzeko zailtasuna dauka. Maskuri neurogenoa baita: maskuriak ez dio nerbio sistemari erantzuten.

Tesian "cum laude" izendapena lortu du
Nahiz eta itsu eta gor egon eta bi diabetis mota izan - %84ko ezgaitasuna errekonozituta dauka, eta bere gurasoek diru laguntza jasotzen dute semea bere ardurapean izateagatik - osasunak jarritako mugei gogor erantzuten die Oierrek. Ikasle bikaina, Nafarroako Unibertsitatean Kimika ikasi zuen, espediente bikainarekin. Horregatik Nafarroako Gobernukoak ikerketa beka bat eman zion 2008an, Euskal Herriko Unibertsitatean, Donostian, Kimika Konputazionaleko doktoretza tesia egin zezan. Oierrek jasotako bekak bi epe zituen: beka fasea eta kontratu fasea. "Mekanika Kuantikoaren printzipioetan oinarrituz sistema kimikoak aztertzean datza Kimika Kuantikoa. Nire tesia metanoen aktibazioen ingurukoa da; metanoa transformatzea oso zaila da eta erreakzio hori nola ahalbideratu aztertzen ari naiz" aipatu zigun urte hasieran Beleixe irratian (FM 107.3). Irailean defendatu zuen tesia eta "cum laude" izendapena lortu zuen.

Gizarte-segurantzak pentsioa itzultzea eskatu zion
Baina urte hasieran Gizarte-segurantzak Oierren familiari 11.150 euro eskatu zizkion, 2008ko apiriletik 2010eko urrira arte Oierrek %84ko ezgaitasuna izateagatik jaso zuten pentsioa, hain zuzen. "Ikerketarako beka lortu nuenean inork ez zidan ezer esan eta bi gauzak jaso nituen, pentsioa eta beka. Baina beka jaso eta 2 urte eta erdira esan zidaten pentsioa eta beka ez zirela bateragarriak eta beka neukan momentutik jaso nuen pentsioa itzuli beharko nuela, 11.150 euro" azaldu zigun Oierrek. Eskaria bidegabekeria iruditu zitzaion familiari eta salaketa jarri zuten. "Gure ezintasunek sortzen dizkigun gastu gehigarriei aurre egiteko da pentsioa. Nik audifono bereziak behar ditut eta Wolfram sindromeari aurre egiteko tratamendu berezia. Horretarako da pentsioa. Eta beka bat lortu edo lanean hasten banaiz ezin dut pentsioa kobratu? Bidegabekeria hutsa da" gaineratu zigun Oierrek. Gizarte-segurantzak ekainaren 2010ean Oierren familiak jaso beharreko pentsioa bukatutzat eman zuen, Oierrek ikerketa bekaren kontratu fasea hasi zenean, eta azaroan ekainetik urrira bitartean Lakuntza familiak jasotako dirua bueltatzea eskatu zien. Ordutik aurrera ez zuten pentsioa kobratu. Familiak epaitegietara jo zuten, eta epaiketa baino 4 egun lehenago Gizarte-segurantzak onartu zuen akatsa izan zuela eta eskatutako 11.150 euroak 1.698,74 eurora jaitsi zituen.

Epaitegiek Gizarte-segurantzaren erreklamazioa atzera bota dute
Martxoaren 4an Gizarte-segurantzak Oier Lakuntzari dirua bueltatzeko egindako eskaria atzera bota zuen Epaitegi Sozialak. Epaitegiaren iritziz gazteak jasotzen zuen ikerketa beka "ezin daiteke irabazi asmoa duen lana, helburu nagusia bekadunaren formazioa delako". Gizarte-segurantzak erabakia Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira (NJAN) errekurritu zuen baina epaitegi honek berretsi egin du Epaitegi Sozialak erabakitakoa. Horrela, Gizarte-segurantzaren erreklamazioa atzera bota du. "Doktoretza tesia egiten ari den ikaslea da, ez da langile bat" dio. Eta gaineratzen du beka jasotzeak ez duela ekarri behar familiak ezgaitasun pentsioa ez kobratzea. Sententzia horrek arrazoia ematen diela uste du Oier Lakuntzaren familiak. "Kontentu gaude Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak erabakitakoarekin. Oierrekin justizia egin da" adierazi du Oierren familiak. Halaber, familiak ulertzen du Gizarte-segurantzak 11.0005,2 euro ordaindu behar diela, hau da, pentsioa erretiratu ziotenetik kobratu ez dutena, eta, jakina, Gizarte-segurantzak eskatutako 1698,74 euroak ez dizkietela ordaindu behar.