Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pablo Urtasun txirrindulari urdiaindarrak badu talde berria: Txileko Viña Santa Cruz-Minera Candelaria talde kontinental profesionala. Nahiz eta taldea Txilekoa izan, bere egoitza Murtzian izanen du. Pablo Urtasunek Euskaltel-Euskadin eman ditu azken urteak. Talde laranja desagertzerakoan hainbat eskaintza izan ditu eta azkenean Txileko taldearena onartu du. 28 urteko txirrindulariak argi zuen txirrindularitzan jarraitu nahi zuela. "Ilusioarekin nago. Nahiz eta talde kontinentala izan eta alde horretatik batzuk pentsatu atzera pausua dela, proiektu berri honek ilusioa piztu dit. Izan ere, txirrindularitzan aktiboan jarraitzea ahalbideratuko dit, egun nahiko konplikatua dena, talde faltagatik" adierazi du. Pablo Urtasunek espero du bere onena ematea, taldeak beragan izan duen konfiantza eskertzeko, eta proiektu berriarekin batera "handitzea". Pablo Urtasunek bi garaipen ditu Espainiako Itzulian. Bitan aritu da Tourrean, bitan Espainiako Itzulian eta batean Italiako Giroan. Urtasun talde txiletarraren erreferenteetako bat izango da. Taldeak egoitza Murtzian izanen du eta Europako egutegian ariko da, bereziki Espainiako eta Frantziako Estatuetan eta Portugalen.