PinoRoad talde txiletarrarekin denboraldiari hasiera emango Pablo Urtasunek. Euskaltel-Euskadi taldea desagertu eta gero Murtzian egoitza duen PinoRoad talde txiletarrean aurkitu du tokia urdiaindarrak. 28 urteko txirrindulariak argi zuen txirrindularitzan jarraitu nahi zuela eta pozik dago talde kontinental honek eskaini dion aukerarekin. Urtasun laranjaz jantzita ikusi dugu azken urteotan, baina beltza izango da bere kolore berria.
PinoRoad taldeko txirrindulari guztiak, Urtasun barne, Txilen kontzentratuta daude egunotan. Astelehenean Skechers Chile talde babeslearen egoitzan izan ziren taldeko txirrindulari guztiak, bisitan, eta denboraldia prestatzeko entrenamendu eta lanetan murgilduta daude guztiak. Urdiaindarrak bertan emango dio hasiera denboraldiari eta talde berriarekin Dalcahueko Itzulian debutatuko du. Itzulia Chiloéko Dalcahue herrian jokatuko da, larunbatean eta igandean.
Gainontzekoak
Talde laranjan zebiltzan beste txirrindulari sakandarrei dagokienez, Egoi Martinezek txirrindularitza uztea erabaki du eta Gorka Verdugo etxarriarra eta Jorge Azanza altsasuarra oraindik talderik gabe daude eta litekeena da txirrindularitzari agur esan behar izatea.