Pablo Urtasun txirrindulari urdiaindarraren PinoRoad talde txiletarrak premiazko laguntza ekonomikoa behar du lasterketetan murgildu baino lehen ez desagertzeko. Arrazoia da taldeko manager edo arduradun nagusia, Juan Pablo Pino Zuñiga, desagertuta dagoela, ustezko agiri-faltsutzea egiteagatik, balio ez duten kontratu eta notario-zigiluak tarteko.
PinoRoad kategoria kontinentaleko taldea da eta 17 kidek osatzen dute, guztiak kontratudunak. Taldea Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunean (UCI) inskribatu zuten otsailaren 5ean, Txileko Txirrindularitza Federazioaren bidez. Atzo PinoRoad taldeak prentsa ohar baten bidez azaldu zuen 2014an ez dela errepideetara aterako “taldeko arduradun nagusi Juan Pablo Pinoren desagerpenagatik”. Taldeak, halaber, gaineratu zuen “Pinok egindako neurrigabekeriengatik, beharrezkoak diren neurri legal guztiak hartuko dituztela”.
Gertakariak
Prentsa oharrean jasotzen denez, ilbeltzaren erdialdean sumatu zituzten lehendabiziko seinale txarrak. Txirrindulak eta maillotak ez ziren Txilera iristen Juan Pablo Pinok beharrezko ordainketak ez zituelako egin. “Bere ardura ekiditeko maniobra azaldu ezinak egiten zituen, hornitzaileei gezurra esatera behartuz, lehendabiziko ordainketak eginak zeudela esan dezaten”. Ilbeltzean txirrindularitza taldeak Txilen egin zuen kontzentrazioa eta egonaldia “danteskoa eta frustragarria” izan zela gaineratu du PinoRoadek. “Pinok taldearen kontrola uzteko konpromisoa hartu zuen, gestioa espainiarren eskuetan uzteko, baina ez zuen bere hitza bete eta azkeneko sainete bat orkestratu zuen, taldeko kide, bazkide eta babesleen pazientzia agortu duena” azpimarratu du taldeak.
Ordutik ez dute Juan Pablo Pinoren berririk. Txiletarra desagertua dago. PinoRoad taldeko plantila egoeraren aurrean “atsekabetuta” dago. Babesleei barkamena eskatu nahi diete “Pinoren jokaerak sortutako kalteengatik”. Proiektuak bide onean bukatzeko alternatiba bat sortu dadin lan egingo dutela adierazi dute, eta auzitegietara joatea aztertuko dute, Pinoren ustezko agiri-faltsutzeak direla medio.
Urtasun: “Taldea salbatzea zaila da baina proiektuak aurrera egiteko dena emango dugu”
Taldean hiru euskaldun daude, Pablo Urtasun urdiaindarra, Juanjo Oroz berriobeitiarra eta Mikel Bizkarra. “Gertatutako telenobela baten antzekoa da. Baina penagarria da, urte oso konplikatu batean galtzen den aukera delako. Sekulako makilakada da, baina proiektuak aurrera egin dezan borrokatuko dugu, hona iristea asko kostatu zaigulako. Bukaerara arte eutsiko dugu, ea mirariren bat gertatzen den” adierazi zion Diario de Noticiasi Juanjo Orozek.
Pablo Urtasun harrituta dago gertatutakoarekin. “Azkeneko egunetan jakin izan dugu babesletza kontratuak eta notario-zigiluak faltsuak zirela. Are gehiago, notario hori 2004an jubilatu zen. Pinok guztia faltsutu zuen. Eta ez dago dirurik” gaineratu du. “Nire ustez etxea teilatutik egiten hasi zen, lehendabizi txirrindulariak fitxatuz, eta bere burua irtenbiderik gabe ikusi duenean korrikan ihes egin behar izan du. Dena den, benetan gertatu dena ez dugu sekula jakingo”.
Kontua da PinoRoadek taldea baduela, ongi egituratuta. “Eta ilusioz betetakoa. UCIren onespena dugu hurrengo egunetan egoera konpontzeko. Txilen interesak dituzten Espainiako enpresei eta alderantziz, deialdia egiten diegu proiektu hau aurrera ateratzeko. Bereziki txiletarrendako proiektu polita da eta ez da horren inbertsio garestia” gaineratu du Urtasunek. Hala ere, urdiaindarrak onartzen du “gauza oso zaila dagoela. Urte oso bat babesleak bilatzen egonda zaila izan zen taldea sortzea eta orain, 10 egunetan bilatzea… zaila da. Litekeena da 10 egun barru taldea desagertzea, baina gure aldetik dena emango dugu hori gerta ez dadin. Penagarria da, oso proiektu ilusionagarria zelako” azpimarratu du Urtasunek.
Bitartean, txirrindulariek entrenatzen jarraitzen dute. Urtasunek epaiketetara jotzea begi onez ikusten du. “Aztertzen gaude baina nire partetik bai”.
Bi asteko epea
Bi aste barru jakingo da zer gertatuko den taldearekin. “Pinoren desagerpenak egoera oso delikatuan uzten gaitu baina ez dugu etsiko. PinoRoad taldeak aurrera egiten saiatu behar du eta zuen laguntza kontuan izan nahiko genuke babesle posibleetara iristeko” dio PinoRoad taldeak bere facebookean. Ea posiblea den.