Antzerki tailerra eskaini du Urdiaingo Udalak

Guaixe 2014ko otsailaren 20a

Herriaren etxean eman daiteke izena otsailaren 25era arte

Urdiaingo haur eta gazteei zuzendutako antzerki tailerra antolatu du Urdiaingo Udalak. Eskaintza horren bidez nork bere burua adierazten ikasi dezake. Baina antzerkigintzaren bidez ongi pasatzeko aukera ere eskaini da. Antzerkiko hainbat teknika eta kontzeptu landuko dira ikastaro horretan. Hala, Zoila Berastegi irakasle arbizuarrak inprobisazioa, gorputz eta ahozko adierazpena, erritmoa, talde lana eta beste erakutsiko dizkie izena ematen dutenei.

Adinari erreparatuta udalak bi ordutegi eskaini ditu. Alde batetik, 6 eta 12 urte bitartekoendako tailerra larunbat eguerdian izanen da, 12:00etatik 14:00etara. Gazteendako tailerra larunbat arratsaldean litzateke, 16:00etatik 18:00etara. Ikastaroa martxoan hasi eta garagarrilera arte luzatuko da. Herriaren etxean izena ematen duenak 25 euro ordaindu beharko ditu. Informazio gehiagorako 948 562 993 telefonora hots egin.