Ametsari agur

Guaixe 2014ko martxoaren 11

Urtasun, PinoRoad taldeko gainontzeko txirrindulariekin eta Juan Pablo Pino managerrarekin.
Pablo Urtasunen PinoRoad taldea desagertu da

Azkenean ezinezkoa izan da. PinoRoad taldeak ez du lortu premiazkoa zuen babes ekonomikoa eta talde txiletarra desagertu egin da. Pablo Urtasun txirrindulari urdiaindarra talderik gabe gelditu da.

RinoRoad kategoria kontinentaleko taldea zen eta 17 kidek osatzen zuten. Otsailaren 5ean taldea Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunean (UCI) inskribatu zuten Txileko Txirrindularitza Federazioaren bidez, baina handik gutxira lehertu zen egoera, taldeko manager nagusi Juan Pablo Pino Zuñiga desagertu egin zenean. Ustezko iruzurra eta agiri-faltsutzea egitea leporatu zioten, balio ez zuten kontratu eta notario-zigiluak tarteko. Taldekideak ondoren konturatu ziren Pinok egindako kontratuak faltsuak zirela, hornitzaileei ez zitzaiela ordaindu eta beste hainbat irregulartasun gertatu zirela. Pino desagertuta eta dirurik gabe, taldeak jarraitu ahal izateko beharrezkoa zuen babes ekonomikoa lortzen saiatu da, baina alferrik, eta taldeak bere ibilbideari agur esatea erabaki du, behin betiko.

Denborak esango du
Egoera oso korapilotsua izan da, sinesgaitza eta sekulako kulebroia. “Gertatutakoa gertatuta, oso zaila zen denbora kopuru gutxian taldeak jarraitu ahal izateko babes ekonomikoa lortzea” adierazi digu taldeko kide zen Pablo Urtasunek. Talderik gabe geratu da Pablo, eta Urdiaingo txirrindulariak aitortu digunez, epe motzean oraindik ez daki zer eginen duen. “Momentuz entrenatzen jarraituko dut eta ikusiko dut zer egin, zein bide hartu. Denborak esango du” esan digu.

Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulari sakandarrek ezin izan dute tropelean jarraitu. Egoi Martinezek txirrindularitza uztea erabaki zuen, Jorge Azanza eta Gorka Verdugo talderik gabe daude eta nahiz eta Pablo Urtasunek hasiera batean taldea topatu, talderik gabe geratu da. Denborak esango du.