Martxoko aurreneko lehen egunetik, larunbatero, 6 eta 12 urte bitarteko bederatzi urdiaindar herriaren etxean biltzen dira. Zoila Berastegi irakaslearekin batera, antzerki teknikak ikasten hasi dira eta hala segituko dute garagarrila akaberara arte, larunbatero, 12:00etatik 14:00etara. Ikastaro akaberan litekeena da ikasitakoaren erakustaldia egitea.
Haurrendako antzerki tailerraren proposamena guraso talde baten ekimenez sortu zen. Futbola eta ingelesaz aparte sormen arloan Urdiainen eskaintzarik ez zegoela eta zulo hori estali beharraz hizketatu ziren. Udalarekin hitz egin zuten eta haren bidez egin zen eskaintza, bai haurrendako bai gaztetxoendako. Azken horien taldea ez da atera baina antzezle txikien baratza sortu da Urdiainen.