Auntzetxea abiapuntu

Guaixe 2014ko api. 17a, 08:40

Galtzada segituz Intxusburura igo daiteke.
Lau ibilbideren berri emanen duen argibide ola jarriko du udalak udan

Aurreko urteko udan Urdiaingo Udalak kontratatuko bi langilek Urriztizelain, igerileku ondoan, dagoen borda konpondu eta itxuraldatu zuten. Teilatua konpontzeko premiak bultzatu zuen udala lan hori egitera. Eta behin horretan hasita auntzetxearen hegoaldeko herena aterpe bihurtu zuen.

Sebas Aristizabal alkateak azaldu digunez auntzetxea lau ibilbiderako abiapuntu bihurtzea nahi du udalak. Horregatik, udan informazio ohola jarriko dute. Ibilbideetako bat San Pedro ermitara eramanen ditu oinezkoak. Beste batek Sarabe ibarra ezagutaraziko du. Ibilbideak behar bezala seinaleztatuko dituzte.

Hirugarren bidea dagoeneko seinaleztatuta dago. Nafarroa Bizirik ekimeneko kideek gaztelu txiki moduko seinale gorriekin markatu dute Iruritako gaztelurako igoera. Sarabeko ibarraren sarreratik abiatzen da bide hori eta Laieneko haitzen iparraldeko magala igo beharko da.

Galtzada
Laugarren bidea izanen da guztietan luzeena. Urriztiko eta Sarabeko haitzen artetik iparraldera gora joko du ibiltariak Itxuspurura igotzeko. Garai batean Urdiain eta Ataun lotzen zituen galtzada zatiak agerian uzten ari da almintea. Aristizabalek azaldu digunez dagoena agerraraztea da helburua. “Basoak daukan zentzua erabat galdu gabe, erabat markatu gabe, dagoena adieraziko da”. Ibilbide horretan ez dituzte seinale ugari jarriko, basoaren izaera ukitu gabe egin nahi dutelako.

Berrauneko erreka ondoko bidean eskuinera hasten da galtzada. Ibiltariak tarteka agerian utzitako galtzada zatiak zapalduko ditu. Beste tarte batzuetan bidea nondik nora joanen zen irudikatuko du handik metro batzuetara beste galtzada zati bat azalerazi baitu alminteak. Basoan gora egin ahala egungo baso pistekin gurutzatuko da ibiltaria eta zati horretan galtzadaren bidea jarraitzen dutela ohartuko da. Goian, orbel artean, galtzadarriak iparraldeko bidea markatzen segitzen dute.


Aurrekontua
Aristizabalek esan digunez, udalak 420.000 euro inguru kudeatuko ditu aurten. Aurreko urtean baino kopuru txikiagoa da. Pasa den urtean herriko eskolan konponketa lan bat egin zuen udalak. Horretarako Hezkuntza Departamentuaren diru-laguntza jaso zuen, baina udalak ere bere zatia jarri beharra zuen eta finantziazioan eragina izan zuen. Aurten argiteria publikoa hobetzeko neurriren bat besterik ez da aurreikusten inbertsioen atalean. Azken bi urteetan bezala, dauden zerbitzuei eustera bideratuta dago aurrekontua, alkateak azaldu digunez.