ELA sindikatuak jakinarazi duenez, aurten eta heldu den urtean indarrean izanen den lan hitzarmena sinatu dute Magotteauxen zuzendaritzak eta enpresa batzordeak (ELA 5, LAB 3 eta UGT 1). Adostutakoaren arabera Urdiaingo lantegian ez da indarrean jarriko lan erreforma eta ultraaktibitate mugagabea izanen du hitzarmenak. ELAtik azaldu dutenez, hitzarmena ez betetzeko bideak itxi dituzte, ez dago malgutasunik eta arbitraia erabiliko da bi aldeek esandakoa betetzeko konpromisoa hartzen badute. KPI igoera ere izanen dute langileek.
Hitzarmen onak lortzeko ELAtik ezinbestekotzat jo dituzte antolakuntza ona eta sindikazio maila handiak izatea. Enpresa hitzarmenak lan erreformaren ondorioak neutralizatzeko eta adostutakoa betetzeko bide onena direla nabarmendu dute sindikatutik.