Etxebizitza pasiboak energia kontsumitu beharrik gabe urte guztian tenperatura atsegina mantentzeko gai diren eraikinak dira. Horretarako kokapen eta isolamendu egokiak eta eraikin estankoa behar dira. Halaxe azaldu digute Peter Albrecht eta Juana Otxoa-Errarte arkitektoek, Ester Chuecak eta Jesus Uhartek Urdiaingo Iturtxulo kaleko 14an eraikitzen ari diren etxebizitza proiektatu dutenek.
Jasangarritasunaren kontzeptua eraikuntzara hainbat modutan eraman da eta etxe pasiboa da horietako bat. Etxea girotzeko, neguan epeldu edo berotzeko eta udan freskatzeko, energiarik ez erabiltzea edo apenas erabiltzea da helburua. Horretarako, etxebizitza estankoak egiten dira.
Ezaugarriak
Otxoa-Errartek azaldu duenez, kokapen egokiak eguzkitik jasotako bero guztia aprobetxatzea dakar. Isolamenduaren garrantzia ere azpimarratu du urdiaindarrak. Kanpoko airea ez sartzeko etxebizitza guztiz itxita egon behar du. “Sartu eta ateratzen den airea guk nahi dugulako izanen da”.
Hotza ez sartzeko leihoak zabaltzea saihesten da. Horregatik, beroa berreskuratzen duen makina eguneko 24 orduetan martxan da eta airea berritzen du. Arkitektoek azaldu digutenez, tresna horrek etxe barruko airea hartu eta beroa kendu ondoren kalera botatzen du. Aldi berean, kaleko haize berria hartzen eta iragazten du eta kaleratutako airearen beroa ematen dio. Aire berritu hori, tenperatura egokian etxe guztian barna banatzen da. Udan, barruko beroa kanporatu egiten da, giro freskoagoa mantentzeko. Hala ere, biek ez dute ukatzen neguko une jakinetan bero iturri gehigarri bat beharko dela.
Arkitektoek azpimarratu dute eraikuntza mota horrek obra zuzendaritzaren lan gehigarria eskatzen duela: “ezin da zirrikiturik egon beroa handik ihes eginen lukeelako. Pareta eta teilatua elkartzen diren tokietan zinta berezia jartzen dugu estankotasuna lortzeko. Horregatik, ezinbestekoa da obran lan egiten duten pertsona guztiak helburuaren berri zehatza izatea”. Aste honetan hiru bisita egin dituzte obrara; eraikuntza normal baten kasuan, berriz, astean behin joaten dira. Langileak trebatu beharraz aritu zaigu Otxoa-Errarte eta azaldu digu gaur bertan Donostiako Altza auzoko Lanbide Heziketako institutuko ordezkariak Urdianen bisitan izan direla, “eraikuntzako profesionalei zuzenduta etxe pasiboetan oinarritutako prestakuntza eskaini nahi dute”.
Urdiaingo etxea
Iturtxulo 14ko etxea ziurrenik XVI. mendean eraikiko zen. 1953an berritze handia egin zuten etxean ia etxe erdia botaz eta haren gainean berria jasoz. Jabeek hura berritzeko asmoa zuten baina eskatzen zuen inbertsioak eta izanen ziren emaitzek etxe berri bat eraikitzera eraman zituzten, etxe pasiboaren alde egin zuten. Behe solairua, lehena eta teilatupekoa izanen ditu. Azken horrek, girotze kontzeptuak egoki funtzionatu dezan, eragina izanen du.
Eraikinak berezitasun batzuk ditu. Sarrera iparraldean du eta hegoaldeko fatxada sarrerako kalea baino 2,30 metro altuago dago. Ezker-eskubi bi etxarte luze ditu eraikinak, fatxada luzeenak horiek izanik. Beraz, zuzeneko eguzki argi bakarra hegoaldetik jasotzen du, baina mendiak eta inguruko eraikinek mugatu egiten diote. Baina, aldi berean, fatxada horretan oinarrituko da eraikinaren funtzio pasiboa. Horretarako beirateak jarriko dituzte hegoan, etxeko “berogailu” bihurtuz.
Garai bateko etxeen modura, horma zabalak izanen ditu Iturtxulokoak, 42,5 cm-koak. Alemaniatik ekarritako adreiluekin eginen dituzte kanpoko paretak (buztin arinduaz egina eta barruko gelaxkak haitz-zuntzez beteak). Eraikinaren kanpoko hormek karga-hormarena eginen dute, fatxadako pilareak kenduta. Teilatuak egurrezko egitura izanen du.
Etxeko solairuetako zolako plantxa eta balkoietakoa ez da bat izanen, horrela kanpotik etxera hotza edo beroa sartzea eragotziko dute. Balkoia egiteko etxeko plantxarekiko 8 cm-ko isolatzailea jarriko dute eta metalezko egiturak sartuko dituzte. Haietan porlana botaz eginen da balkoia. Estankotasuna lortzeko paretek barrutik kisua izanen dute eta teilatupean egurrezko sabai izuna jarriko dute. Bestalde, ur beroa lortzeko teilatuan eguzki plaka jarriko da eta jabeek biomasa estufa bat jarri nahi dute. Albrechtek azaldu digunez, 7 edo 8 kW-ko batekin aski litzateke baina merkatuan halakoak opatzea zaila da oraingoz.
PassivHaus Institutua
Etxe pasiboen araudia ezartzen duen erakundea da eta dagozkion ziurtagiriak ematen dituenak. Azken 30 bat urteetan Europan, Canadan eta AEBn 15.000 bat dira ezaugarri horiek dituzten eraikinak (etxebizitza blokeak, familiabakarrekoak, kiroldegiak, eskolak, konbentzio zentroak, elizak, haurtzaindegiak, bulegoak…). Ziurtagiria lortzeko azterketa pasa behar du etxebizitzak. Besteak beste berogailurako behar energetikoa neurtzen da. Urteko ezin du metro karratuko 15 kW baino gehiago kontsumitu. Gainera, urteko kontsumoa ezin du metro karratuko 120 kW baino handiagoa izan.
Urdiaingo etxebizitzak duen kokapenagatik eguzkiaren beroaren aprobetxamendu handirik ezin du izan. Albrechtek esan digunez, kalkulu kontserbadorea egin dute eta metro karratuko 22 edo 23 kW kontsumituko du. “Etxe hau egungo kode teknikoa jarraituz eraikiko bagenu energia gehiago kontsumituko luke. Horrela eginda, %80 gutxiago kontsumitzen da”. Arkitektoak aitortu du eraikuntza aurrekontua %10 eta 15 artean garestitzen dela. “Baina energia kostuak murrizten direnez 8 urtetan amortizatuta dago”.
Estankoa den neurtzeko, eraikinaren kanpoko aldean kea egiten duen makina bat jartzen da kea sartzen den ikusteko. Bestetik, haizegailu bat martxan jartzen da eta etxea haizez bete eta hustu egiten du, pertsiana, leiho eta bestelakoetatik aireak ihes egiten duen jakiteko. Nahi gabeko aire berritzeak orduko 0,6koa izan behar du. Ohiko pisu batean, berriz, lauzpabostekoa da.