Txikienak txirrindula hartzera!

Guaixe 2014ko uztailaren 4a

Astearteko probaren kartela.
Larunbatean, 17:00etan, eskolen mailako lasterketa eta gynkana Urdiainen

Urdiaingo festek txirrindularitza proba ekarriko dute. Larunbatean, 17:00etatik aurrera, eskolen mailako gynkana eta lasterketa jokatuko dira. Proba Burunda Txirrindularitza Klubak antolatu du, Udalaren laguntzarekin. Jakina, Burunda Txirrindularitza Klubeko eta Aralar Txirrindularitza Klubeko txirrindulariak ikusiko ditugu lanean. Zehazki, promesen, kimuen eta haurren lasterketak izanen dira.

Juniorren I. Urdiain Trofeoa, asteartean
Uztailaren 8an, asteartean, I. Urdiain Trofeoa jokatuko dute juniorrek, 17:00etan. 95 km-ko etapa ederra izango dute aurrez aurre. Txirrindulariek bitan igo beharko dute Altamira. Horretaz gain, Arabako mugaraino iritsiko dira eta Urdiaingo igerilekuetako eta San Pedroko paraje zoragarrietatik barna ibiliko dira. Txirrindulari sakandarrak ez dira faltako.

Afizionatuek bi lasterketa
Asteburuan Euskaldun Torneorako baliagarriak diren 2 lasterketa jokatuko dituzte afizionatuek. Larunbatean, Murgian, 126 km-ko proba dute, 10:00etan hasiko dena. Eta, igandean, Leintz Gatzagan 36. Dorletako Ama Saria egongo da jokoan, 10:00etan (119 km).