Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, hainbat entitateen laguntzarekin -Sakanako Triatloi Taldea, Urdiaingo Aitziber elkartea, Urdiaingo Udala eta Nafarroako Triatloi Federazioa- Sakanako XII. Haur Triatloia antolatu du garilaren 19rako Urdiaingo igerilekuetan.
Izena ematea garilaren 17ra arte
Aipatu probak Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak dira eta ondoko kategorietan jokatuko dira: aurre-benjaminak, benjaminak, kimuak, haurrak, kadeteak eta juniorrak. Parte hartzeko aurretik izena emana beharra dago Nafarroako Triatloi Federazioko web gunean (www.navarratriatlon.com) edo www.rockthesport.com web gunean.
Sakandarrak Ebroko erronkan
Larunbatean Ebroko XIV. Erronka jokatu zen Tuteran. Hasiera batean triatloi proba zen (750 m igerian, 22 km bizikletan eta 2,5 km korrikan), baina asteko uholdeak direla eta Ebro nahiko zikina eta korronte handiarekin zetorren eta antolakuntzak igeri egiteko tartea 5 km-ko korrikaldiarengatik ordezkatu zuen. Hortaz, duatloi bilakatu zen Ebroko erronka. Margin Ignacio Müller (59:36) eta Nuria Rodriguez (1:10:01) izan ziren azkarrenak. Sakana Triatloi Taldeko Juantxo Azurmendi 104.a izan zen (1:10:52) eta haren taldekide Carlos Manero 143.a (1:14:23).