Aitziber elkarteak, hainbat talde eta komertzioen laguntzarekin, juniorrendako I. Urdiain Trofeoa antolatu zuen astearte arratsaldean. 80 txirrindularik eman zuten izena. 90 km-ko proba zen, eta txirrindulariek bitan igo behar zuten Altamira, Arabako mugaraino ere iritsi behar ziren eta San Pedro paraje ederretatik barna ibili behar zuten.
Esprint estuan gailendu zen iturmendiarra
Lasterketa luze eta gogorra egin zitzaion txirrindulari askori. Erorikoak ere izan ziren, eta azkenean 42 txirrindularik lortu zuten helmugara iristea. Nabarmentzekoa da azkar ibili zirela txirrindulariak (35 km/ orduko batezbestekoa). Emozio handiko lasterketa izan zen, Burundako Quesos albeniz taldeko Eneko Aramendia iturmendiarra eta Alicanteko Esetec-Melia taldeko Alejandro Martinez iritsi baitziren batera helmugara. Esprint ikusgarrian, helmugako marran bertan gailendu zen Eneko Aramendia, lasterketa irabaziz eta juniorren lehen urteko sailkapenean lehenengoa sailkatuz. Segundo batzuetara 4 txirrindulari sartu ziren, banaka, eta minutu pasara txirrindulariz osatutako taldetxoak helmugaratzen hasi ziren.
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Quesos Albeniz taldeko Asier Ormazabal 32.a sailkatu zen, 2:37ra eta Aralarko Intersport Irabia taldeko Izai Mauleon 38.a, 2:38ra. Probako talde onena Asesores de Navarra izan zen, mendiko sailkapena Asesores de Navarrako Adrian Martinek irabazi zuen eta tartekako helmugako sailkapena Esetec-Melia Alicanteko Cesar Sanchezek.
Eneko Aramendia pozik zegoen etxetik gertu, Sakanan bertan, lasterketa irabazi izanagatik. Trofeo ugari jaso zituen: jubenilen lehen mailako txirrindulari onenaren trofeoa, Pablo Urtasun txirrindulariaren eskutik, eta I. Urdiain Trofeoko irabazlearen txapela eta trofeoa, probako babesleetako bat izan zen Banco Mediolanumeko Naiara Etxeberriaren eskutik. Ibilbide bikaina darama iturmendiarrak eta seguru poztasun gehiago emango dizkigula.