Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, hainbat entitateen laguntzarekin -Sakanako Triatloi Taldea, Urdiaingo Aitziber elkartea, Urdiaingo Udala eta Nafarroako Triatloi Federazioa- Sakanako XIII. Haur Triatloia antolatu du biharko, garilaren 19an, larunbatean, Urdiaingo igerilekuetan. Goizeko 10:30etik aurrera, triatloi proba politez gozatzeko aukera izango da Urrizti eta San Pedro paraje ederretan. Aipatu probak Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak dira.
100 triatleta pasa
Ondoko kategoriendako probak jokatuko dira: aurre-benjaminak, benjaminak, kimuak, haurrak, kadeteak eta juniorrak. Bertan parte hartzeko aurretik izena emana beharra zegoen www.navarratriatlon.com web gunean eta atzo, ostegunean, bukatu zen epea. Erredakzioa ixterakoan 104 triatleta zeuden izena emanda. Nolanahi ere, informaziorako Mank-eko Kirol Zerbitzura hots egin daiteke (948 464 866 telefonoa). Aurreko urtean 111 triatletek hartu zuten parte, horietatik 25 sakandar. Tartean izanen dira Udako Triatloi Campusean dabiltzan sakandarrak.
Igeriketa probak Urdiaingo igerilekuan jokatuko dira, eta bizikleta probarako zirkuitu ederra prestatu dute Urdiaingo igerilekuetako bidetik abiatu eta Sarabe parajean barna. Korrika egiteko ere zirkuitua antolatu dute igerilekuetatik gertu. Triatletek derrigorrezkoa izanen dute kaskoa eta mendiko bizikleta erabiltzea. Aipatzekoa da probak irauten duen bitartean partaideek ezingo dutela kanpoko laguntzarik jaso. Proba gauzatzen den bitartean ibilbidea zaindua, markatua eta trafikoari itxita egonen da.
Proba bukatzerakoan triatletak Urdiaingo igerilekuetan dutxatu ahalko dira eta ondoren triatleta guztiei ogitartekoa eta zukua banatuko zaie.
Proben distantziak
Aurre-benjaminak (06-09): 10:30ean (12,5 m igeri, 1 km txirrindula, 200 m korrika)
Benjaminak (05-04): 10:45ean (54 m igeri, 1,5 km txirrindula, 300 m korrika)
Kimuak (03-02): 11:20ean (1112 m igeri, 3 km txirrindula, 500 m korrika)
Haurrak (01-00): 11:40ean (224 m igeri, 6 km txirrindula, 1 km korrika)
Kadeteak (99-97): 12:40ean (336 m igeri, 9 km txirrindula, 2 km korrika)
Juniorrak (95-96): 12:00ean (336 m igeri, 9 km txirrindula, 2 km korrika)