Triatleta handien pare

Guaixe 2014ko uztailaren 22a

Ehun triatleta inguruk parte hartu zuen Urdiaingo igerilekuetan jokatutako Sakanako XIII. Haur Triatloian

Mank-ek Sakanako XIII. Haur Triatloia antolatu zuen larunbatean Urdiaingo igerilekuetan, Sakanako Triatloi Taldea, Urdiaingo Aitziber elkartea, Urdiaingo Udala eta Nafarroako Triatloi Federazioaren laguntzarekin. Aurrebenjaminetatik hasita, juniorretara bitartean, 100 triatleta inguruk hartu zuten parte Urdiaingo igerilekuetako ingurune ederretan –Urriztin, Saraben eta besten–, antolatutako proban. Triatloi proba Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria zen.

Mank-eko teknikari Amaia Gerrikagoitiak azaldu digunez, giro ederra izan zen, partaidetza handia eta eguraldi epela. “Urtero bezala, Nafarroa osoko partaideak bildu ziren, eta gustura eta liluratuta geratu ziren Urdiaingo paraje ederrarekin” adierazi du Gerrikagoitiak. Halaber, Sakanako Triatloi Taldeko eskolakoen partaidetza handia izan zela nabarmendu du teknikariak, eta egun Udako Triatloi Campusean parte hartzen ari diren 20 neska-mutikoetatik askok larunbateko Sakanako XIII. Haur Triatloian aritu zirela.

Emaitzak
Aurrebenjaminetan 12 neska-mutiko aritu ziren, benjaminetan 30, kimuetan 18, haurren mailan 20, kadeteetan 13 eta juniorretan bakarra.
Aurrebenjaminetan emakumezkoetan Aiuri Elizalde gailendu zen eta gizonezkoetan Julen Esparza. Sakana Triatloi taldeko Gorka Diaz bigarrena izan zen eta Alain Razkin hirugarrena. Benjaminetan Eva Zapateriak irabazi zuen emakumezkoetan, eta David Etxeberriak, aldiz, gizonezkoetan. Sakana taldeko Xabier Borrega hirugarrena izan zen. Kimuen mailan, Idoia Eraso eta Gerardo Pascual gailendu ziren, eta haurren mailan Carmen Riaño eta Mikel Armañanzas. Bukatzeko, kadeteetan Laura Aparicio eta Paco Sanz izan ziren azkarrenak, eta junior mailan Ruben Ilundain.

Bukaeran, parte-hartzaile guztiek ogitartekoa eta zukuarekin berreskuratu zituzten indarrak.