LABek Viscofaneko kaleratze bat salatu du

Guaixe 2014ko urriaren 9a

Arrisku psiko-sozialen ondorio izan dela eta hainbat langile egoera berean ari direla lanean adierazi du sindikatuak.

Viscofango langile baten “kaleratze disziplinarioagatik” protesta kontzentrazioa egin zuten LAB sindikatuko ordezkariek lantegi aurrean astelehenean. Enpresak kaleratutako langilea berriro hartzeko eskatu du LABk. Sindikatutik azaldu dutenez, “kaleratzea enpresan dauden arrisku psiko-sozialen ondorio da. Langile multzo bat arrisku horrekin lanean ari da eta enpresak badaki”. LABek jakinarazi dutenez, haiez aparte zenbait langileek ere egoera salatu eta idatziak aurkeztu dituzte.

LABetik Viskofani “bere produkzio interesak lehenetsiz aipatu arriskuak ezkutatzea” leporatu diote; “neurriak hartu beharrean egoera hau jasaten ari direnak zigortzea erabaki du enpresak”. Sindikatuak enpresari arrisku horiek desagerrarazteko prebentzio neurriak hartzeko eskatu dio. “Kasu hau iceberg-aren punta besterik ez da, konpondu ezean beste langile batzuengan ondorioak izan litzake”. Lantegian “gertakizun larririk egongo balitz enpresarena izanen litzateke ardura bakarra”.