Nafarroa Oinezek “Benignoren taldea” omendu du

Guaixe 2014ko aza. 5a, 18:26
Benignok lagunduta jhartu zuen saria.

Iñigo Aritza ikastolako guraso taldeak 10 urte daramatza Nafarroa Oinezeko paella erraldoia prestatzen.

“Urdiaingo paelleroak” ziren hasieran. Haiei Olaztikoak gehitu zitzaizkien. Eta Sakanako beste herri batzuetako lagunak ere bai. Gehienek, hala ere, “Benignoren taldea” moduan ezagutzen dituzte. Izan ere, Benigno Mendia da Sakanako eta Sakanatik kanpoko hainbat txokotan egiten diren bazkari eta afarien arimetako bat. Hori bai, makina bat laguntzaile fidelen laguntza duela. Tartean, talde honek, Iñigo Aritza ikastolako guraso talde moduan, 10 urte egin ditu Nafarroa Oinez egunerako paella goxo-goxoa prestatzen, Iñigo Aritzak bere azken jaia hartu zuenetik, 2005 urtetik. Sakanako beste eragile batzuen laguntzarekin, tartean Olaztiko Gazte Asanblada, Oinez eguneko paella prestatu dute Altsasun, Beran, Vianan, Etxarri Aranatzen, Atarrabian, Tafallan, Zizurren, Tuteran eta Zangozan. Eta aurtengo Nafarroa Oinez egunean omenaldi beroa jaso zuten Zangozako ikastolaren eta Nafarroako Ikastolen Elkartearen partetik.

“Ejertzito baten modura heltzen dira, beti bezperatik, hamaika familia ederki antolatuak. Jantokia eta sukaldea ti-ta batean antolatzen dute. Zalapartarik atera gabe. Larunbatean lanean aritzen den taldearendako bezperako afaria prestatzen dute, eta Nafarroa Oinez egunean jende andanari ematen diote jaten, zerbitzu ezin hobea eskainiz. Bazkal ostean, garbiketa eta bilketa lanei ekiten diete, animoso eta pozik, nahiz eta haientzat ere hurrengo eguna astelehena den. Eta umil-umil egiten dute alde, ezer egin ez balute bezala” eskertu zieten egindako lana Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariek. Halaber, taldeak “urtero eskaintzen duen lezioa” nabarmendu nahi izan zuten, “euren izaera eta jarera ikastolen xarmaren isla baita: auzolana, elkar-lana, parte-hartzea, proiektuarekiko konpromiso irmoa erakutsiz, eta hori guztia umorean jantzita, giro alaian egina, koadrila giroan, eta ez betebeharrez, baizik eta bihotzez hala behar duela sentitu eta uste dutelako”. Horregatik, esker oneko hitzak izan zituzten sakandarrekiko. “Bejondeizuela, Benigno Taldea, luxua baita zuekin aritzea. Eskerrik beroenak, bihotz-bihotzetik, Nafarroako Ikastolen izenean”.