Asteburuan Urdiaingo herri eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako (11 eta 12 urte) eta DBHko 2. mailako (13 eta 14 urte) 12 ikasle Iruñean izan dira First Lego League lehiaketan parte hartzen. Nafarroako kanporaketako zazpigarren edizioan Urdiaingo taldea beste 27rekin batera neurtu zen. Egindako lanarekin pozik bueltatu ziren etxera, 8. sailkatzea lortu baitzuten.
Hezkuntzari eskainia zegoen lehiaketa aurten. Larunbatean Iruñeko Planetarioan lehiaketaren zati zientifikoena jokatu zen. XXI. mendeko ezagutzak eta gaitasunak eskuratzeko taldeek euren proposamenak aurkeztu zituzten. Alderdi praktikoa domekan Baluarten jokatu zen, ikasleek Lego piezez diseinatutako eta programatutako robotekin zenbait erronkei aurre egin behar izan zieten.