Igandean Japan Protourreko bigarren proba jokatu zen, Ibukiyama gainean despeditzen zen proba gogorra. Team Ukyok Japoniako Kopa irabazteko helburua duela berretsi zuen beste behin, proba talde japoniarreko Oscar Pujolek irabazi baitzuen. 25 segundora bere taldekide Pablo Urtasun urdiaindarra sartu zen.
Ibukiyamako igoerak 11 km ditu eta 5 km-ren faltan Urtasunek erasoa jo zuen, baina Team Matrixek bere saiakera zapuztu zuen. 3 km-ren faltan bere taldekide Oscar Pujol izan zen saiatu zena. Urdiaindarrak Pujolen lana babestu zuen tropelean eta Pujolek garaipena lortu ahal izan zuen. Gainera, Urtasun bigarrena iritsi zen helmugara. Japan Protourreko liderra da Pablo, eta Pujol da bigarrena.