Urdiaingo EH Bilduk hurrengo legegintzaldirako dituen erronka eta ildo nagusiak aipatzerakoan udal gardenarena da lehena. Udaletik parte hartzean eta komunikazioan urrats berriak eman nahi dituzte. Batzorde irekiak, auzolanari bultzada eman eta komunikazio iraunkorra mantentzea da aipatu dituztenak. Bestetik, hizkuntza politika eraginkorra egin beharra eta euskaldun izatearen kontzientzia , euskara bizitzeko nahia eta herri gogoa elikatu beharra ikusten du EH Bilduk. Urdiainen euskarak duen egoeraren eta erabileraren inguruko hausnarketa bulkatuko dute.
Parte hartzean oinarrituta, koalizioak herriaren neurrirako egokia izanen den hirigintza plana sustatu eta kanpo santuan egin beharreko moldaketak proposatuko ditu. Bestetik udal eraikinen erabilera aztertuko da, herriak dituen beharrak ikusi eta haiek asetzeko, esaterako gazteen toki premia. Bestetako herriko kultura eta festen berreskurapenean zein prestaketa parte-hartzailearen aldeko lana eginen dutela esan dute EH Bildutik.
Koalizioak Urdiainerako egin duen programa Sakanakoarekin lotu du; “biak ezinbestekoak baitira gure herri eta eskualdearen koloreak marrazteko. Herriak Sakanaren parte garelako eta herri bakoitzeko proiektuek Sakana indartzen dutelako”. Horregatik, Urdiaingo EH Bilduk Sakanako Tokiko Garapenari aparteko garrantzia eman dio, “udalerri indartsuak eta eskualde kohesionatua” lortzeko. Horretarako, tokiko sektoreak indartzea lehentasunezkoa jotzen dute, Sakanan bizi, lan egin, kontsumitu eta gozatu ahal izatea, bertako baliabideak erabiliz.