Aurrenak bilketa lana egin du eta bigarrenak mapan txukun jarri. Emaitza Urdiaingo Udalari eman diote. Apirilaren 17an aurkeztu zuten jendaurrean eta asko izan dira udaletxetik hura eskuratzera pasa direnak. Mapa gustuko dute urdintarrek. “Bakarren batek edo bestek” egindako lanagatik zoriondu ditu osaba-ilobak.
Orduz geroztik urdintarren ahotan ez da toponimoen erabilera handitu. Galartzak argitu digunez “jendeak, gehiago, jakiteagatik eskuratzen du mapa”. Garaiak aldatu dira: “basoa eta dermioa ez da garai batean bezala. Jende guztia hortik bizi zen. Basoan kalean baino gehiago egoten ziren”. Gaur egun toki izenak gehien ezagutuko dituztenak ehiztariak eta ziza-zale batzuk izanen direla aipatu digu Galartzak. Egur lotea egitera joaten direnak puntu batekoak ezagutuko dituztela ere.
Hasiera
Toki izenekiko zaletasunaz galdetuta “tabernetako kontua” aipatu digu Galartzak: “lagunekin eta, zer edo zer egin beharko dugu; zer edo zer egin beharko dugu… Nik, nolabait udaletxean lan egiten dudan, beste batzuek baino erraztasun gehixago dut. Harreman gehiago toponimiarekin eta gauzekin; eta holaxe”. Basoen mapa baten kopiak atera eta han izenak jarri.
Galartzak hainbat urte eman zituen horrela, toponimoak Urdiaingo mapa batean idazten. “Orain dela urte batzuk hasi nintzen eta gero utzi egin nuen. Aurreko alkatearekin, Sebastian Aristizabalekin, hori egin beharra zegoela eta aipatzen zuen eta horrela hasi ginen”. Aurkeztu ondoren inor ez zaio toki izen gehiagoren berri emanez joan.
Iturriak
Toki izenak biltzen etxean hasi zen Galartza, “etxean zekitena” jasoz. Aitarekin batera eta bestera joan eta non zeuden galdetzen zion, berak paperean jasotzeko. Horrela hasi zuen toki izenen bilketa Galartzak. “Dezente manejatzen zuen”. Gero kaleko jendearekin segitu zuen. Haiek eman zioten toponimo gehienen berri. Baita zuzendu ere: “nik uste nuen toponimo bat toki batean zegoela eta, justu, beste batean behar zuen”. Gainera, “sekula entzun gabe neuzkanak ere” jakinarazi zizkioten.
Galartzak beste iturri batzuetara ere jo zuen bere bilaketa lanean, esaterako, eskriturak edo katastro zaharreko paperetara. Nafarroako Gobernuaren toponimia liburuxkan toki izen zaharragoak eta teknikoagoak ere opatu ditu. Migel Angel Sagaseta apaizak ere datu mordoa eman zizkion bere langintzan aurrera egin zezan. “Berezienak dira, aspaldiko toki izenak direlako; 1.200 urte ingurukoak eta halakoak”.
Herriak aldiro-aldiro biziberritzen diren moduan toponimia ere berritu egiten da, eta toki batek izen bat baino gehiago izan ditzake. “Toki batek gaur izen bat du, duela 300 urte beste bat eta lehenago beste bat”. Paperen bidez jasotako toponimoetan idazleak zeresana zuela gogorarazi digu: “notarioa edo idazkaria euskalduna bazen eskrituran txukunago agertuko zen. Euskaraz ez bazekin, ulertzeko ere…”.
Aurretik Urdiaingo toki izenak Nafarroako Gobernuak egindako bilduman eta katastroan jasoak zeudela esan digu Marianok. “Baina gaur egun erabiltzen den katastroan izen asko galduta; beste batzuk tokiz aldatuta… pixka bat… galtzen ez”.
Itxura ematea
“Mapa zahar batean toki izenak kokatzeko gai zen, baina gero mapa nola egin ez nekien”, aitortu digu osabak. Horregatik, laguntza eske Bingen ilobarengana jo zuen. “Izen pila batekin etorri zitzaidan, modu txukun batean jarri nahi zuela esanez. Ordenagailuan egin zitekeela esan nion”.
Pixkanaka izenak idazten hasi ziren, “hasieran ordu dexente pasa genituen” azaldu du Bingenek. Internetetik Urdiaingo ortofotoa deskargatu zuten, Nafarroako Gobernuaren Sitna web ataritik. “Mugak eta dena Internetetik deskargatu genuen, beraz, nire lana erraza izan da”. Haren gainean toki izenak gehitzen joan ziren osaba-ilobak. Bingenek aitortu digu herriko toki izen gutxi ezagutzen zituela, baina lana eginda “batzuk gelditu zaizkio”. Ordenagailu pantailan ikusi dituen toponimoak tokian ikusteko lana “pendiente” du Bingenek. Egindako lanarekin “pozik” gelditu da.
Egitekoak
Bilketa lana egin eta mapan jarri ondoren, toki izenen esanahia eta bakoitzaren zergatia, horiek ikertu nahi dituztenendako lana gelditu da. Toponimoen ezagutza eta erabilera zabaltzekoa ere. Galartzak aipatu digunez, administrazio arloan ere bada egitekorik: “posible balitz, ez izen guztiak, baina katastrora pasa beharko lirateke, izen zuzenak eta bere lekuan izan ditzan”. Horrela, jendeak eskritura egiterako garaian zuzen agertuko lirateke. “Toponimoak ibiltzeko modu onena hori izanen litzatekeela uste dut nik”.