1. Ogibidez iturgina zara, baina maiz sukaldari txanoa jartzen duzu.
Ni sukaldeaz baino gehiago azpiegituraz eta erosketetaz arduratzen naiz. Badira beste sukaldari batzuk. Hori bai, txuletak egitea nire kontu.
2. Nola hasi zineten herri bazkariak egiten?
Urtero Iñigo Aritza ikastolaren festa prestatzen da txandaka, Ziordian, Olaztin, Altsasun edo Urdiainen. 2005ean Urdiaingo gurasoei tokatu zitzaigun eta guk egitea erabaki genuen. Horrela sortu zen taldea Tintiniturri elkartea eta ikastoaren inguruan. Lehen bazkari hartan 200 lagun bildu ginen. Urte hartan bertan gure Oineza genuen, txerriarena, eta 500 lagunendako bazkaria egitera ausartu ginen.
3. Ondotik beste Oinez eta festa asko etorri dira.
Ondorengo Oinez guztietan egon gara, baita festa herrikoietan ere: Axioren omenaldian… Herri bazkariaren helburua dirua ateratzea bada, enpresa bati enkargatuta ez da ezer ateratzen. Handiena Sartagudakoa izan zen. Oteizako talde batekin batera 1.000 pertsonendako bazkaria egin genuen, guk 700endako eta haiek 300endako. Azken urteetan 600 lagunendako paella egiten da. Ezin da handiagoa egin ez dagoelako jendea esertzeko lekurik.
4. Horretarako jende asko beharko da.
Bi taldetan banatzen gara, bat ikastolako festetarako eta beste bat herri-bazkarietarako, eta batzuetan talde guztia elkartzen gara. Adibidez, Oinezera 20 sukaldari joaten gara eta zerbitzatu ere egin behar bada 50 lagun, normalean Urdiaingo 35 eta Olaztitik 15 lagun. Eta bezperan askotan Olaztiko Gaztetxekoek jartzen dituzte mahaiak. Ongi moldatzen gara haiekin, gure azpiegitura gehien erabiltzen dutenetarikoak dira eta.
5. Zein azpiegitura duzue?
Hasi ginenean ez genuen ezer. Bandejak eta lapikoak elkartetik hartzen genituen, espumaderak etxetik… Horrela ezin zen ibili eta pixkanaka gauzak erosten joan ginen. Gauza asko bertziklatu edo berrerabiliak dira: suak kalentadore zaharrekin moldatuak, mahaien hankak… Aurrekontu txikiarekin ezin da asko egin.
Dagoeneko 600 lagunendako mahaiak eta 400endako aulkiak ditugu. Festetarako alokatu egiten ditugu: festa guztietarako mahaia eta aulkiak 5 € eta egun bakarrerako 3 €. Diru horrekin material gehiago erosten joan gara: lapikoak, sardeskak, sua, aulkiak… Gainera bazkari bakoitzetik 100 euro botera doaz, eta hor dago behar denean gauzak erosteko.
6. Aurten Urrezko Aitzurra jaso duzu, urtetako lan isilari saria.
Sariak pozik jasotzen dira. Sakandarren Egunean ere beti lagundu izan dugu, hasieran tresnak uzten eta gero Florenekin batera bazkaria prestatzen.
7. Zuen menuko izarra, paella.
Ohikoena paella da erraza delako: ia jende guztiak jaten du eta kantitate handitan egin daiteke nahiko erraz. Haragi, arrain eta marisko paellak egiten ditugu, batzuetan aurretik entsalada bat, ondoren haragia edo oilaskoa… eta, eskaeraren arabera, aurretik entsalada edo ondoren oilaskoa… Sagardotegi menua ere badugu eta oso ongi funtzionatzen du.
8. Paella ona egiteko sekreturik?
Hasteko salda on bat egin behar da. Ondoren barazkiak egin. Talde txikiendako denean etxeko barazkiak ere erabili izan ditugu. Eta gero arrain ona, freskoa gehitu. Azkenik, arrotza, bonba delakoa. Horrela, zaila da txarra ateratzea. Eta oso garrantzitsua ordua errespetatzea: hobe da jendea paellaren zain egotea alderantziz baino, bestela pasatu egiten da eta.
9. Irailak 15, Altsasuko festetako larunbateko herri bazkariko irabaziak Guaixe eta Beleixeren alde izanen dira. Hor egonen zarete zuek.
Bai, gaixotasun bat dut: inori ez diot esaten ezetz. Espero dugu Altsasun gutxienez 500-600 lagun elkartzea, eta 1000 bagara ere moldatuko gara.
10. Zein izanen da menua?
Entsalada eta marisko-paella, eta ondoren kafea, postrea eta kopa. Guztia 12 eurotan; haurrek 9 €. Txartelak salgai daude Bierriken bulegoan, Iortia kultur gunean, Lurrazpin eta Biltokin.
11. Eta bazkalostean Haize Berriak banda zenbait herritarrekin batera.
Bai, postre bikoitza. Animatu dadila jendea, bai Altsasukoak, bai beste herrietakoak. Bazkari ona eta giro ederra ziurtatuta daude. Ona litzateke ondoren txarangarekin herrian barna buelta eman eta festa errebindikatzailea egitea, ea Guaixek eta Beleixek aurrera egiten duten eta ez diren ixten.