Magna Gurpearen garaipenean zerikusi handia izan zuen Dani Saldisek

Guaixe 2015ko urr. 13a, 10:02
Dani Saldise aurreko partida batean.

Irurtzundarrak bi gol sartu zituen eta talde berdearendako oinarrizkoa izan zen

Magna Gurpeak 7 eta 5 hartu zuen menpean Elche larunbatean Anaitasunan jokatutako ligako partidan. Horretarako lan handia egin behar izan zuen talde irurtzundarrak, eta izugarri sufritu behar izan zuen. Aurten igo zen maila gorenera Elche, baina sekulako maila eman zuten Alicantekoek eta partidako tarte batzuetan dominatu ere egin zuten. Baina Magna Gurpeak, izugarrizko lana eginez, egoerari buelta eman eta merezitako garaipena lortu zuen. Partidak izen bat izan zuen, Dani Saldiserena. Irurtzundarra bikain egon zen: bi gol sartzeaz gain, jokaldi guztietan izugarri borrokatu zuen eta talde berdearen erasoan ezinbestekoa izan zen.

Jesulitok azkar aurreratu zuen talde berdea, baina handik gutxira berdintzea eta markagailuan aurreratzea lortu zuen Elchek. Eseverrik bina berdindu zuen, baina atzera ere kanpotarrek haizea hartu zuten 2 eta 3 aurreratuz. Zorionez, Dani Saldisek hiruna berdintzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen.

Bigarren zatian atzera ere aurreratzea lortu zuen Elchek, 3 eta 4. Handik gutxira launa berdindu zuen Roberto Martilek, eta hortik aurrera Magna Gurpea dominatzera pasa zen. Esfortzu handiaren ondoren Eseverrik, pentaltyz, 5 eta 4 aurreratzea lortu zuen. Alde hori handitu zuen Dani Saldisek, 6 eta 4. Baina Elchek, atezain-jokalari formularekin, 6 eta 5 gerturatzea lortu zuen. Zale berdeak urduritzen hasi ziren, baina 7 segundoren faltan Carlitosek zazpigarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen lehia.

Magna Gurpeako entrenatzaile Imanol Arregiren ustetan, garaipena “justua eta oso landua” izan zen. “Taldeak sufritzen jakin izan du, hiru puntuak lortzeko gogor egin du lan. Eta zalantzarik gabe Dani Saldise izan da taldeko jokalari oinarrizkoena, errebultsiboa. Partida goitik behera aldatu du: goian intentsitatea sartu du, baloiak lapurtu ditu…” nabarmendu zuen Imanolek.

Sailkapen orokorrean Bartzelona da liderra, 18 punturekin. Magna Gurpea zortzigarrena da, 7 punturekin. Ostiralean 5 punturekin bederatzigarrena den Levanteren kontra ariko da talde irurtzundarra, Levanten. Ea sailkapenean alde gehiago ateratzeko aukera duten berdeek.

Gaur Errege Kopako partida Bartzelonaren kontra
Liga alde batera utzita, gaur Errege Kopako partida jokatuko du Irurtzungo taldeak Bartzelonaren kontra, Bartzelonako Palaun, 21:15ean. Bartzelonak azken 5 urteetan 4 Kopa irabazi ditu eta zalantzarik gabe, Kopan aurrera egiteko faborito nagusia da. Hala ere, sorpresa emateko asmoz aterako da kantxara Imanol Arregiren taldea. “Arerio oso gogorra da eta partida ahalik eta osatuena egitera aterako gara.” azaldu du entrenatzaile irurtzundarrak.