Lagunari eskainitako garaipena

Guaixe 2015ko urr. 14a, 11:46

Pablo Urtasunek Benigno Mendiari eskaini zion igandean Japonian lortutako garaipena

Team Ukyo talde japoniarrean dabilen Pablo Urtasun txirrindulari urdiaindarrak igandean Japoniako Pro Tourreko Wajima lasterketa irabazi zuen, helmugara bakarrik iritsi eta gero, Salvador Guardiola bere taldekidearen eta Benjami Prades txirrindulariaren aurretik.
Egun tristea zen urdiaindarrarendako, bezperan zendutako Benigno Mendia laguna baitzuen buruan, eta lagunari eskaini zion garaipena. “Benigno, zauden tokian zaudela, gaur egun triste eta ilun honetan lorturiko garaipena, zuretzat doa. Gurekin horrenbeste momentu pasa eta gero, merezita baino gehiago daukazu. Inoiz ez gaude horrelako galerak ulertzeko, betirako gure bihotzetan eramango zaitugu! Besterik gabe, bakarrik eskerrikasko eta gero arte!” azaldu zuen urdiaindarrak sare sozialetan.