Udalak bi enkante deitu ditu

Guaixe 2015ko aza. 12a, 11:10
Urdiainen Udalak saldu nahi dituen etxea eta baratza urdinez markatuta. Argazkia: sitna

Urdiaingo Udalak herrian dauden etxea, baratza eta baso aprobetxamendua enkante bidez saldu nahi ditu. San Martinkalde 31ko etxeak 78,75 metro karratuko azalera du eta bere aldamenean dagoen baratzak, berriz, 165. Udalaren bi ondasun horiek lote bakarra osatzen dute eta enkantean 43.356,25 euro (BEZ kanpo) eskatzen dira haiengatik.

Bestalde, udalak baso aprobetxamendua enkante bidez saldu nahi du. Txonbonaizazpi dermioan dagoen lote hori 856 pagok osatzen dute, 1.088 metro kubiko egur egiten dutenak. Loteagatik udalak 11.968 euro eskatzen ditu (BEZ kanpo). Hiru enkanteetarako eskaintzak abenduaren 14ra arte egin daitezke Urdiaingo herriaren etxean.