Gazte Balioa saria Oier Lakuntzarendako

Guaixe 2015ko aza. 12a, 16:17

Nafarroako Gobernuak 2015eko Gazteria Sariak abenduaren 1ean banatuko ditu, Nafarroako Eguna dela antolatutako ekitaldien barruan. Saritutakoek egindako lanaren gizarte aitortza izan nahi dute sari horiek. Oier Lakuntzak Gazte Balioa saria jasoko du. Gazte Balioa sariak elkartasuna, ahalegina, lana, tolerantzia, kultura-artekotasuna, nazioarteko mugikortasuna eta bestelako balioak sustatzen duten eta gazteriarendako erreferente bat diren 14 eta 30 urte bitarteko gazteen aitortza egin nahi du.

Nafarroako Gobernuak gogorarazi du urdiaindarrari 5 urterekin Wolfran sindromea diagnostikatu ziotela. Gaixotasun arraro eta endekapenezkoa, diabetesa ekarri dio eta ikusmena, entzumena eta usaimena kendu dizkio. Lakuntzak Nafarroako Unibertsitatean Kimika ikasi zuen, promozioko bigarren espediente onena lortuz. Euskal Herriko Unibertsitatean Kimika Kuantikoa edo Teoriko eta Konputazionala ikasi zuen. UNEDen, berriz, Zientzia-Kazetaritzan eta Komunikazioan masterra. Bi urtez Kataluniako Zientzia Ikerketako Institutuan doktoretza ondorengo bi urteko ikasketak egin ditu. Euskalerria Irratiako zientzia arloko gaietan kolaboratzailea, nazioarteko itzal handiko aldizkarietan Lakuntzaren artikuluak argitaratu dituzte eta bertsolaria da.