Lakuntzak Gazte Balioa saria jaso du

Guaixe 2015ko abe. 1a, 15:48
Oier Lakuntza eta beste bi sarituak gobernuko ordezkariekin batera.

Nafarroako Egunaren ospakizun ekitaldien barruan, Uxue Barkos Berruezo presidenteak aurtengo Gazteria Sariak banatu ditu gaur. Sarituei zuzenduz, Barkosek adierazi du “balorearen, ahaleginaren eta eskuzabaltasunaren erreferentzia zarete”. Izan ere, Gazteria Sariak saritutakoek egindako lanaren gizarte aitortza izan nahi dute. Sarietako bat, Gazte Balioa, Oier Lakuntzak jaso du.

Nafarroako Gobernuak gogorarazi du urdiaindarrari 5 urterekin Wolfran sindromea diagnostikatu ziotela. Gaixotasun arraro eta endekapenezkoa, diabetesa ekarri dio eta ikusmena, entzumena eta usaimena kendu dizkio. Lakuntzak Nafarroako Unibertsitatean Kimika ikasi zuen, promozioko bigarren espediente onena lortuz. Euskal Herriko Unibertsitatean Kimika Kuantikoa edo Teoriko eta Konputazionala ikasi zuen. UNEDen, berriz, Zientzia-Kazetaritzan eta Komunikazioan masterra. Bi urtez Kataluniako Zientzia Ikerketako Institutuan doktoretza ondorengo bi urteko ikasketak egin ditu. Euskalerria Irratiako zientzia arloko gaietan kolaboratzailea, nazioarteko itzal handiko aldizkarietan Lakuntzaren artikuluak argitaratu dituzte eta bertsolaria da.