Irudimenak hegan egiteko liburua

Erkuden Ruiz Barroso 2015ko abe. 26a, 10:00

Idoia Zufiaurre, Chuffi, artista urdiaindarrak Enrique Villarreal El Drogasen Hegan egiteko zapatilak liburu berriaren ilustrazioak egin ditu.

Haikuak erabili ditu Enrique Villarrealek, El Drogasek, barruan zuena adierazteko. Haikuak Japoniako testuak dira eta arau zehatzak dituzte. Hegan egiteko zapatilak ez da kontakizun soil bat. “Istorio, kontakizun txiki, poema eta esaeren liburu bat da”. Idoia Zufiaurrek, Chuffik, Villarrealen haikuak ilustratzeko “ohorea” izan du. Villarrealek bigarren biloba izan du, hortaz, liburu berria umeei zuzenduta dago. Hala ere, helduek ere liburuaz disfrutatu dezakete. “Umeendako denez irudimena lanean jartzen da”.

Villarrealek Zufiaurreren marrazki bat ikusi zuen eta bere liburu berriaren ilustratzailea izatea nahi izan zuen. Zufiaurrek askatasun sortzailea izan du ilustrazioak egiteko. Testuetan oinarritu da baina marrazkiekin “jolastu” du. “Nik asko disfrutatu dut. Far asko egin dut. Oso exijentea izan da, baina askatasuna nuenez oso lan atsegina izan da”. Chuffik, Villarrealen hitzak marrazkira eramatea “erraza” dela dio, Villarreal oso pertsona sortzailea baita.

Umeendako liburua
Publikoa oso kritikoa dela dio, izan ere, “umeei ezin zaie engainatu”. Gainera, liburua umeei zein helduei bideratuta dago, beraz, exijentzia bikoitza da: “umeek norbaitekin irakurtzen ohi dituzte liburuak, eta, baliteke helduek aproposa duten haiku bat aurkitzea. Guztiok dugu ume bat barruan lotan”. Gaiak oso anitzak dira eta marrazkiak “eroak”, baina betiere “egitura” baten barruan. “Umeendako irudiak direla kontuan hartuta egin dut lan”. Villarreali zein dagoeneko liburua ikusi dutenei “asko gustatu” zaiela azaldu du Zufiarrek. “Horrek betetzen zaitu”.

Chuffik beste hainbat proiektu artistikoetan erabiltzen dituen tresnak erabili ditu oraingoan ere, baina lehenengo aldia da liburu baten ilustrazioak egiten dituela. “Ilustrazioan  egin dut igeri beti baina ez dut holako zerbait inoiz egin”. Etorkizunerako antzeko proiektu bat omen dauka eskutan, baina oraindik ez du ezer itxi. “Aurrera eramatea espero dut”. Ez du berak egindako liburu ilustratua argitaratzea baztertzen. “Egiten badut ez da apalean gelditzeko liburu bat izango”.

Hegan egiteko zapatilak asteazkenaz geroztik dago salgai.