Hamar urdiaindarrek osatzen dute aurtengo kintada: Jon Mendia, Uxue Mendez, Amaia Galartza, Hugo Ostiza, Sarabe Arakama, Iratxe Urrutia, Asier Pardo, Bingen Galartza, Eneko Villar eta Ander Galartza. Denak bazkaltzera elkartuko dira gaur. Ondoren, trikitilarien laguntzaz, kalejiran ibiliko dira. Ibilbidean axuri baten zozketarako txartelak salduko dituzte. 1.400 bat txartel egin dituzte eta euro betean salduko dituzte. Ibilbidea afaltzeko garaian bukatuko dutenez, mahaira jarriko dira. Parranda pixka bat eginez despedituko dute eguna.
Larunbatean, hitzordua bazkal garaian dute. Baina egun horretan Urdiaingo gainontzeko kintada guztiek ere Santa Ageda ospatzen dute. 11:30ean Benignoren aldeko gosaria antolatu dute plazan, eta 12:30ean 25. urteurrena ospatzen duen kintadak zortzikoa dantzatuko du. Gero kinta gehienak bazkaltzera bilduko dira. Aurtengo kintoak mahaitik jaso eta baserrietara joanen dira bisitan. Boletoak saldu eta jota eta porrusalda dantzatuz esker ona adieraziko dute. 20:00etarako herrian bueltan izanen dira. Ordurako gainontzeko kintadetako kideak poteoan izanen dira, afaltzera elkartuko baitira. Gainera, festetako azken eguneko bazkaritik ateratako diruarekin tabernetan disko-jartzaileak giroa bizitzen dute, arratsaldean batean, gauean bestean. Kintoek afaldu eta gaua erraz luzatuko zaie.
Domekan, 10:30ean, kintoek txistulariekin batera gosalduko dute. 12:30ean plazan, frontoian eguraldiak laguntzen ez badu, zortzikoa dantzatuko dute. Aurten bost mutilek eta neska batek eginen dute. Hura errege bezperatik entseatzen ari dira Javier Zelaiaren, Ipiren, esanetara. Asteartero, ostegunero eta ostiralero, 20:00etan, entseatzea elkartu dira frontoian. Dantza saioen ondoren, axuria zozketatuko dute. Bazkaldu aurretik herriko goiko aldean kalejiran eta eskean ibiliko dira eta, arratsaldean, herriaren beheko aldean gauza bera eginen dute.