Urdiaingo herri eskolan ostegun eta ostiral ezberdinak izan zituzten aurreko astean. Santa Ageda bezpera zela eta eskolako ikasleak santa-eskean ibili ziren. Dagokion moduan, makilez lagunduta, herrian barrena kantuan ibili ziren eta etxeetatik botatako patata frijitu poltsak eta bestelako litxarreriak jaso zituzten. Haiekin guztiekin merendua egin zuten arratsaldean. Hurrengo egunean, inauteriak bertan zirela eta, txokolate-jana izan zuten eskolan goizean. Ondoren txanoak jantzi eta eskolan prestatutako dantzak gurasoen aurrean dantzatu zituzten.