Auzolana, Benigno omentzeko

Auzolanean bat

Guaixe 2016ko api. 18a, 13:34

Auzolana eta omenaldia. Horixe zuten buruan Benigno Mendia Goikoetxearen lagunek hura omentzerakoan. Eta larunbaterako prestatutako egitaraua horixe izan zen auzolan-omenaldia. Haren eskolari segituz, larunbatean auzolan erraldoia egin zen, zeinetan sakandar ugarik parte hartu zuten ospakizunak behar bezala aurrera egiteko. Eta lan egiteko modu horrekin sakandarrek Mendia zenaren lana aitortu zuten.

Txistularien dianen ondoren hamaiketakoa izan zen. Benignok estimatutako plazako txoko batean haren omenezko oroigarria agerian utzi zuten anaiak eta semeak. Plakan, Benignoren irudiarekin batera zera irakur liteke: ez ga hobenak izanko, bia txarrenak eztare! Ordurako sukaldean herri bazkarirako dena prestatzen ari ziren. Haurren bazkariaren ondoren, helduak mahaian zeudela bota zuen euri erauntsia izan zen festara gonbidatua ez zegoen bakarra. Bete betea zegoen frontoian ospakizunak kantaitarekin segitu zuen.

Omenaldia
Hunkigarria. Horixe izan zen omenaldian izan zirenen iritzia. Haren bizitzaren pasarteak jasotzen zituen bideo emanaldiekin batera musika eta hainbat erakundeetako ordezkariak igo ziren oholtzara: Haize Berriak banda, Flores ahizpak, Oier Lakuntza eta Eneko Lazkoz, Tximeleta, Marta Igoa (euskalgintza), gazteen ordezkariak, Urdingo txalapartariak, Etorkizuna dantza taldea, Iker Flores eta Mikel Agirre. Urdingo txistularien doinura eta Benignoren lagunek herriko zortzikoa dantzatu zuten. Hura bukatu eta gero afaltzeko bokata jatea izan zen plazan eta kontzertuekin despeditu zen auzolan-omenaldia. Urdiainera jendetza joan zen eta egun guztian zehar oso giro polita izan zen.

Erlazionatuak

Benignoren omenaldia 2

Guaixe 2016 api 18 Urdiain