Eusliek, haurren hizkuntza ohituretan eragiteko

Guaixe 2016ko mai. 27a, 08:19

Haurren euskararen erabilerarekin kezka zuten gurasoak elkartu dira.

Aurreneko kanpaina martxan da. Euslea euskarari eusten diona da; Urdiaingo euskalkian euslia eta pluralean eusliek.

Herriko haurren ahotan gaztelaniarako gero eta joera handiagoa dagoelako, azken boladan nahiko kezkatuta zebiltzan Urdiainen. Horren jakitun, eta gaia aztertzeko, udala Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jarri zen. Aldeek hainbat proposamen aztertu zituzten eta, azkenik, Urdiaingo Udalak Iñaki Eizmendiren aholkularitza zerbitzua kontratatzea erabaki zuen, horretarako, aurtengo aurrekontuan dagokion diru-saila bideratuz.

Eizmendik Ebete egitasmoa aurkeztu zion udalari. Aurreneko bilera baten ondoren Urdiaingo gurasoen aurreneko euskara batzordea deitu zuten. Apirilaren 13ko deialdiak erantzun oso ona izan zuen eta eskola eta ikastolako gurasoak elkartu zituen. Zegoen kezka eta konponbide posibleen inguruan aritu ziren. Batzordeak bigarren bilera berriki egin du eta plangintza egin du.

Egitasmoak
Eusliek kanpainak gurasoen jarreran eragin nahi du, haiek seme-alabendako eredu bihurtuz. Haurren hizkuntza ohituretan eragiteko, beraz, gurasoen jarrera eta jokabidea abiapuntua izan beharko da. Gurasoek haien artean dituzten hizkuntza ohituretan eragiteak ere badakar egitasmoak. Eta ez soilik egitasmoa martxan den bitartean, ondoren ere. Bestalde, seme-alaben euskararen erabilerarekin arduratuta ez dauden gurasoei beste hainbatek kezka dutela transmitituko diete.

Helburu horiek lortzeko gurasoek hainbat konpromiso hartu dituzte. Esaterako, elkarrekin biltzen direnetan (eskola sarrera-irteerak, plazan, frontoian…) euren arteko hizkuntza erabilerari erreparatuko diote, eredu izateko euskaraz aritu beharko dute. Ahalegin kontziente bat egin beharko dute. Asmoa da hiru aste horrela ematea eta guraso guztiak egitasmoan parte hartzera gonbidatuak izanen dira, hau da, harremana euskaraz mantentzera. Gainera, astero eusliek egonen dira, bospasei, pin bidez identifikatuko direnak. Guraso horiek aste horretan ahalegin berezia egin beharko dute gaztelaniara ez pasatzeko, baita beste norbaitek hala egiten badie ere.

Eusliek kanpaina garagarrila akaberan despedituko da, ospakizun batekin. Baina gurasoen euskara batzordeak beste ekimenak eginen ditu etorkizunean.