Urdiaingo ikasleak bertsotan

Guaixe 2016ko eka. 5a, 11:31

Maiatzaren 20an eman zitzaion bukaera Eskola Bertsotan proiektuaren 2015-2016 ikasturteari. Otsailetik maiatzera arte gela barruan sortutakoa plazan aurkeztu zuten eskolako ikasleek.

Proiektu honek Bertsolaritza Irakaskuntzan du jatorria, gainerako ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako 6. mailan lantzen dena. 2013-2014 ikasturteko balorazioa egiterakoan, hurrengo ikasturtean bertsoa modu berezian lantzeko aukera aurkeztu zuen 6. mailako tutoreak, eta hortik sortu zen bertsolaritza adimen emozionalarekin lotzeko ideia. Ikasturte oso emankorra izan zen, Kaluxan egin zen bertso saio batekin bukatu zena.
Emaitza ikusirik, bertsolaritza Lehen Hezkuntza osoan txertatzeko aukera ireki zen. Horretarako, Sakanako zenbait enpresatan proiektua aurkeztu zen. Sakana kooperatibak, Viscofanek eta Magoteauxek egin zituzten diru-ekarpenekin, ikasturte honetan Urdiaingo eskolan abiatu zen egitasmoa.

Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 5. mailako ikasleek 10 orduko ikastaroa jaso dute, eta 4 mailakoek berriz 20 ordukoa. Nork bere ahalen arabera, 13 bertso sorta egin dituzte, eta horiek aurkeztu ziren Urdiaingo auzoan ikasle, irakasle eta gurasoek aretoa bete-bete zeukatela. Ordu eta erdiko saioan, eta Eneko Lazkozen laguntzarekin, hainbat doinu, gai eta ariketa entzun eta ikusi ahal izan ziren. Saio atsegin eta arina, egitasmoak merezi bezalakoa, eta hurrengo ikasturtean jarraipena emateko gogo eta ilusio piztailea izan zen.