Sutea Urdiaingo nekazal pabilioi batean

Guaixe 2016ko urr. 7a, 13:39

Egiturak jaso dituen kalteengatik pabilioia bota beharko dute

Belarrez betetako Urdiaingo pabilioi batek su hartu zuen atzo. Larrialdiek 16:02ean jaso zuten deia, Urdiaingo Telleralden dagoen nekazal pabilioi batean jasoa zegoen lastoak su hartu zuela. Altsasuko Suhiltzaile Parkeko suhiltzaileak eta Suhiltzaileen Parke nagusiko suhiltzaileak bertaratu ziren su ikusgarria itzaltzera. Iritsi zirenerako jabetu ziren suak pabilioi guztia hartu zuela, bertan gordetzen zen traktore bat eta makineria barne.

Sutearen tamaina ikusita, eta sutea ezin zutela itzali jabetuta, suhiltzaileek ingurunean lan egin zuten, sutea ez zabaltzeko. Tenperatura altuengatik sabaia apurtu zen eta, horrela, sutea hobeto kontrolatu ahal izan zuten. Parke nagusiko suhiltzaileak arratsaldeko azken ordutan utzi zuten lana, baina gau osoan Altsasuko Suhiltzaileen Parkeko erreten bat aritu da eremua zaintzen.

Foruzainak sutea sortzearen arrazoiak ikertzen ari dira, baina litekeena da instalazio elektrikoa izatea sutea piztearen sorburua. Egiturak jaso dituen kalteak direla eta, pabilioia bota beharko dute.