80 urteren ondoren, azken aste hauetan jakin dugu Otsoportilloko lezean Aranzadi elkarteak, Nafarroako Gobernuaren eskakizunez ekainean egindako exhumazioen eta DNA frogen ondoren, identifikatutako gorpuzkinetako bat gure aitonarena dela.
Urte luze hauetako ixilitasuna eta ziurtasun eza nolabait bukatu dela esan dezakegu. Baina bidea luzea izan da. 1936ko irailaren 25ean gure aitona Urdiaindik, etxetik, eraman zuten emaztea eta 4 seme alabak aurrean zirela. Bera bezala, haien ideiak defendatzeagatik, hainbat sakandar ere, erail ondoren Otsoportillo zein bestelako lezetara bota zituzten.
Familia askorendako Otsaportillo oroimen eta askatasun topaleku izan da eta izango da 1980tik hasita. Urte haietan egindako lanari esker familia hau handitzen joan da eta horregatik lorpen handi hau denona izan da: Lehen harria jarri zuten haiena, ondoan egon diren erakundeena, eraildako familia guztiena, urtero gurera gerturatzen ziren hoiena,… orokorrean egi osoa bilatzen egon garen guztiona! ZORIONAK!
Egun hauetan protagonistak beraien ideiak defendatzeagatik erail zituzten gizonezkoak izan arren, hausnarketa sakon bat egin beharrean gaude. Ezin ditugu ahaztu istorio hauen itzalpean hamaika emakume egon direla. Hamaika emakume indarrez eta kemenez bizitzari aurre egiteaz gain beraien seme alabak askatasunean, zintzotasunean, justizian eta maitasunean hezi zituztenak.
Bukatzeko, argi utzi nahi dugu, hau hasiera besterik ez dela izan. Hartutako konpromisoa berretsi eta Otsoportillon zein bestelako lezetan dauden gorpuzkinak identifikatu eta egia osoa jakin arte lanean jarraituko dugula. Eskerrik asko eta Zorionak!