Pablo Urtasunek zuzendari gisa debutatuko du Ukyorekin

Guaixe 2017ko urt. 12a, 11:08

Talde japoniarreko zuzendari izateaz gain, Europan taldearendako egutegi ona lortzen eta beharrezko azpiegitura prestatzen buru-belarri dabil urdiaindarra

Pablo Urtasun Perezek (Urdiain, 1980) aurreko urtean zintzilikatu zuen bizikleta. 2003. urtean debutatu zuen txirrindulari profesional moduan, Team CSC taldearekin. Kaiku (2005-2006), Liberty Seguros (2007-2008), Euskaltel-Euskadi (2009-2013), PinoRoad (2014), Team Ukyo (2015) eta Funvic Soul (2016) taldeetan aritu zen ondoren, 2016an txirrindularitza utzi arte. Baina urte berriak asmo berriak ekarri dizkio urdiaindarrari, txirrindularitza munduan jarraituko baitu. Bizikleta bolantearekin ordezkatuko du, Team Ukyo talde japoniarreko zuzendaria izango baita.

Team Ukyoko txirrindularia izan zen urdiaindarra 2015. urtean. Esperientzia ona izan zen berarendako, eta nahiz eta bertan jarraitzeko aukera izan –orduan ere zuzendari izateko proposamena egin zioten–, 2016an Funvic Soul talde brasildarrera joan zen, ustez Europako egutegiko proba gehiagotan arituko omen zelako. Tamalez, ez zen hala izan eta horregatik eta beste faktore batzuengatik txirrindularitza uztea erabaki zuen. Baina beti harreman ona izan du Team Ukyorekin, eta hortik etorri da talde japoniarra zuzentzeko proposamena.

Ukyo talde kontinentala da. Japoniako probetan aritzeaz gain, aurten Europako egutegiko proba gehiagotan aritzea da bere asmoa. Eta helburu hori lortzen ahalegintzen ari da Urtasun. Izan ere, taldea zuzentzeaz gain, Europako egutegian taldearendako egutegi ona lortzen eta taldeak Europako probetan aritzeko beharrezko azpiegitura prestatzen ari da, buru-belarri, urdiaindarra.

Izan ere, Europako egutegia izango du ardatz Urtasunek. Europako egutegi osoa egingo du eta soilik 20 egun emango ditu Japoniako Tourrean eta Kumanon. Txirrindulari ohiak azaldu duenez, abuztuan jarri ziren harremanetan Team Ukyokoak berarekin, Europara saltoa ematea nahi zutela eta, bera zuzendari moduan kontratatzeko. Adostasunera iritsi ziren eta 2016ko Europako egutegia prestatzen ari da Urtasun. Gaineratu duenez, bertan parte-hartzea eskatu duten proba gehienetan gonbidapena jaso dute eta taldeak beharko duen azpiegitura guztia –autoak, autokarabanak, kamioiak, hotelak, hegaldiak…– prestatzen ari da.

Valentziako Itzulian debutatuko du
Ukyo taldearekin zuzendari moduan otsailaren 1etik 5era debutatuko du Urtasunek, Valentziako Itzulian. Zornotzan, Gaztela Leonen, Asturiasen, Ordizian eta Getxon ariko da taldea eta zenbait konfirmazioaren zain daude –Lizarra, Errioxa, Madrid, Agostinho Saria…–.
Txirrindulari japoniarrez gain, Egoitz Fernandez eta Jon Aberasturi euskaldunak izango ditu Urtasunek bere aginduetara, Salvador Guardiola, Benjamí Prades eta Rodrigo Araquerekin batera. Nathan Earle ere fitxatu dute, eta hauei guztiei japoniarrak gehitu behar zaizkie. Asmoa lasterketa bakoitzean Estatuko lau txirrindulari eta Japoniako beste lau aritzea da. Japoniarrak hona etortzea eta hemengoak Japoniara joatea. Proiektuarekin guztiz ilusionatuta dago Urtasun, hurrengo helburua profesional mailara salto egitea baita, maila horretako lehen talde japoniarra izateko. Baina, momentuz, ikusteko dago Europako probetan zer nolako maila eman ahal duten eta noraino iritsi ahal diren.