Ohiturari jarraituz, sanantondarrak bildu dira Urdiainen

Erkuden Ruiz Barroso 2017ko urt. 23a, 09:35

Larunbatean ospatu zuen Urdiaingo San Anton kofradiak zainduaren omenezko eguna.

San Anton animalien eta abeltzainekin eta abereekin zerikusia duten lanbideen zaindaria da. Hortaz, Sakanan abeltzaintzak eta mandazainek indarra izan zuten garaitik heldu dira gurera San Anton kofradiak. Urdiaingo San Anton kofradiako estatutuak 1691 urtekoak dira, hain zuzen.

Larunbatean Urdiaingo San Anton kofradeak elizan bildu ziren, hildako kideak omentzeko. Bi izan dira zendu diren kofradeak: Dionisio Irigoien eta Juan Zubiria. Kofradiak 200 euroko laguntzako eskaintzen die zendutakoen senideei. Ez da kofrade berririk izan. Hortaz, 48 kidek osatzen dute Urdiaingo San Anton kofradia. Mezaren ostean, elizaren atean, lau haizeetara bedeinkapena egiten zuten.

San Anton egunarekin ere, ohiturari segituz, maiordomoak berritu zituzten. Tomas Etxarri eta Peio Senosiain kofradeek hartu zuten Antonio Galarza eta Ramon Ascaryren lekukotza. Etxarri eta Senosiainek abanderatu, kontu liburua eramatea eta maiordomo lanak elkarbanatuko dituzte.

San Anton ospakizuna mahai inguruan despeditu zuten, Aitziber elkartean egindako kofradeen bazkarian.