Mantaguna guna, guna, guna, zakuan kunkuna. Errepika hori behin baino gehiagotan entzunen da Urdiainen, larunbatean, Mantagunean. Arpilerazko mantak edo zakuak jantzita, ikusteko bi zulo eginda, zigorra eskuan dutela mozorrotu txikiek ingurukoak zirikatu eta berotuko dituzte. Ihote-ospakizunek domekan izanen dute segida. Iluntzearekin batera kalean agertuko diren momoxarro txikiak izanen dira protagonistak. Askotariko itxura dute momoxarroek: ardi-narruak edo ohe-estalkiak izan ditzakete soinean, aurpegia estalita, batzuk buruan txano konikoa jantziko dute, farak dituzte, besteak beste. Zigorra eskutan, jendea berotzeko ahalegin betean ariko dira. Etxeko txikienak soinean mota guztietako mozorroak jantziko dituzte. Ondoren, txokolate-jana izanen da, plazan edo frontoian, eguraldiaren arabera.
Txikien ondoren, momoxarro handiak asteartean jabetuko dira kalean. 18:00etatik aurrera kalean opatzen dutenek haiengandik lasterka ihes egiten ez badu, zigorrarekin ederki berotuko dute. Are gehiago honakoa esanez gero: Momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia janda putza gero, arre konpañero. Aurpegiko estalkiak 20:00etan kenduko dituzte momoxarroek. Asteartean, 21:00etan, Aitziber elkartean sorgin afaria izanen da Urdiaingo Gure Esku Dagok antolatuta. Txartelak Kaluxan erosi daitezke.