Mantaguna guna, guna, guna, zakuan kunkuna kantatu zuten urdiaindarrek larunbatean. Momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia janda putza gero, arre konpañero, aldiz, igandean. Momoxarroak zirikatzeko kantak, hain zuzen. Eguraldi bikaina lagun, giro polita izan zen asteburuan Urdiaingo inauterietan. Auto-txokeetan ere buelta bat emateko aukera eskaini zuen mozorrotu koadrila batek. Txokolate beroarekin despeditu zen festa.
Asteartean momoxarro handiak jabetuko dira kaleez. 18:00etatik aurrera kalean opatzen dutenek haiengandik lasterka ihes egiten ez badu, zigorrarekin ederki berotuko dute. Aurpegiko estalkiak 20:00etan kenduko dituzte momoxarroek. Asteartean, 21:00etan, Aitziber elkartean sorgin afaria izanen da Urdiaingo Gure Esku Dagok antolatuta.