Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2017

Finalerako azken txartelak? Agoitzen

Guaixe 2017ko mar. 24a, 14:30

Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken final-erdia jokatuko da Agoizko kultur etxean, igandean, 17:30ean. Saioak finalerako zuzeneko txartel bat banatuko du. Baina, gainera, finalerako gainontzeko bost postuak erabakitzeko erabakigarria izanen da etzikoa. Izan ere, lortutako puntuen arabera, bost bertsolari finalean izanen dira. Behin behineko sailkapen horretan, Eneko Lazkoz Martinez etxarriarra bigarren dago.

Agoitzen beste sei bertsolari ariko dira: Aimar Karrika, Julen Zelaieta, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Patxi Castillo eta Oier Lakuntza. Esan bezala, haien lanak erabakiko du txapelketan aurrera egin edo aurtengo ibilbidean han gelditzen den. Bertsolariek honako lana egin beharko dute: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean eta kartzelako lana (banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian eta, banaka, gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian).

www.bertsosarrerak.eus  
Web orri horretan eros daitezke saioetarako sarrerak.