“Laurogei urte behar izan ditugu gure senideei gertatu zitzaienaren inguruko egia ezagutzeko. Beraien etxeetatik indarrez eraman eta Otsoportilloko leizean erail zituzten. Ez zuten epaiketarik izan eta ezin izan zuten beraien burua defendatu. Bai. Historia ezagutzen genuen, baina, egia ezagutzeko unea iritsi da. Nafarroako gizartea egia ezagutzen hasi da, Memoria Historikoaren Legea beteaz aldaketaren gobernuarekin gauzatzen doalako”.
1936an erail zuten Francisco San Roman Galbeteren iloba Maite San Roman Goikoetxeak halaxe hasi zuen bere hitzaldia igandean, Franciscoren hezurrak Urdiainera bueltatu ziren egunean. Otsoportilloko lana ez dela bukatu gaztigatu zuen Maitek: “badakigu leize horretan pertsona gehiago erail eta bota zituztela. Horregatik, Nafarroako Gobernuari hasitako azterketekin jarrai dezala eskatzen dugu”.
Maitek azaldu zuenez, “familia askorendako Otsoportilloko lezea oroimen eta askatasun topaleku izan da eta izanen da 1980tik. Bertan, urtez urte, monolitoaren aurrean, familia handi bat elkartzen gara gure senide eta lagunak omentzeko”. Historiaren “itzalpean” gelditutako emakumeak izan zituen gogoan: “hamaika emakume, indarrez eta kemenez, bizitzari aurre egiteaz aparte, beraien seme-alabak askatasunean, zintzotasunean, justizian eta maitasunean hezi zituztenak”. Familiaren izenean, “une hunkigarri eta historikoa” posible egin zuten guztiei eskerrak eman zizkien: “Urdiaingo eta Etxarri Aranazko udalei, Nafarroako Gobernuari, Arantzadi Zientzia Elkarteari eta espreski Paco Etxeberriari eta Lurdes Errastiri”.
Alkatea
“Gauez eta bortxaz bere etxetik eraman zutena, egun argiz eta ohore osoz herrira itzuli da. Ongi etorri Francisco San Roman Galbete. Urdiainen eta gure bihotzetan beti egonen da toki bat zuretako”. Hala despeditu zuen bere hitzaldia David Oroz Alonso alkateak. Udalak hilaren 10ean onartutako adierazpenean jasotako pasartea da. Orozek gogorarazi zuen 1936ko garilaren 18an “askatasuna eta aurrerapenaren kontrako estatu kolpe faxistak errepublikako agintaritza legitimoa gobernutik kendu” zuela. Eta Nafarroan gerra fronterik izan ez bazen ere 3.000 pertsona baino gehiago hil zituztela ere bai. Gogoan izan zituen “errepresio kalkulatuaren ondorioz pairatutako egoera izugarriak, atxiloketak, kartzelatzeak, torturak, lan bortxatuak, neurtutako etengabeko umiliazioak…”
Urdiain halakoetatik ez zela libratu eta horren adibide Francisco San Roman Galbete jarri zuen. 80 urte pasatu behar izan dira guztiok genekien egia ofizialki ere egia bihurtzeko”, esan zuen alkateak. Nafarroako aurreko gobernuek “gertatutako argitzeko inolako kemenik” ez zutela izan ohartarazi eta “egungo Nafarroako Gobernuari eta hainbat udali gure eskerrik beroenak, gai honen inguruan behingoagatik ekimena hartzeagatik”. Esker ona ere azaldu zien “memoriaren inguruan lan handia egiten ari diren taldeei, familia asko eta askori beti hor egon direlako berezkoa zutena, hau da, egia, justizia eta erreparazioa erreklamatzeari utzi ez diotelako”. Aranzadi Zientzia Elkartearen lana eskertu zuen Orozek ere, “beraiek gabe, azalarazten lortzen ari dena askoz zailagoa izanen litzatekeelako”.
Kontseilaria
Ana Ollo Hualdek, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak, eman zion Francisco zenaren gorpuzkia bere familiari. Aurretik, Ollok Urdiaingo Udalak memoria historikoarekiko konpromisoa eskertu zuen”. Franciscoren familiaz nabarmendu zuen, “81 urte hauetan bere memoria ahaztu ez” duela, “betiere bilaketan jarraitu izan duena. Gaur, gure historian inoiz gertatu behar ez zen kapitulu bat itxi ahal dugu”.
Nafarroako Gobernuak historia-memoriarekin duen konpromisoa berretsi zuen. Konpromiso hori gorpuak hobietatik ateratzeko planarekin eta gorpuak identifikatzeko beharrezko DNA banku sortu berriarekin osatzen dela gaztigatu zuen Ollok. Desagertutako pertsonen senideei dei egin zien DNA bankuan laginak emateko, “Franciscoren kasuan bezala, pixkanaka fruituak ematen ari baita”.
Ollok berretsi zuen Nafarroako Gobernuaren nahia “familiek desagertutako euren senideekin gertatu zena ezagutzea” dela, “haien memoria lehengoratu eta duintzea. Asmo horretan familiek erakundeen babesa izatea nahi dugu. Badakigu babes hau berandu iritsi dela, baina ikusgarri egin eta bitartekoak jarri nahi ditugu, egin zaizuen bidegabekeria, ahal den neurrian konpontzeko”.
Kontseilariak, azkenik, “egia, justizia eta erreparaziorako eskubideekin batera, gertatu zena ez errepikatzeko konpromisoa” mantentzearen garrantzia nabarmendu zuen. “Gertatu zena oroitzeak lagundu behar gaitu gizarte etikoago eta justuago bat eraikitzen. Eta hauxe da Nafarroako Gobernuaren konpromisoa, giza eskubideen defentsan”.
Aranzadi Zientzia Elkartea
Francisco Otsoportilloko lezetik atera zuenetako bat izan zen Paco Etxeberria forentsea. Udalen eta gobernuaren laguntzaz gorputzak ateratzeko lanari “formalki eta ofizialki” heltzeko aukera izan dela azaldu zuen, gaineratuz: “sortutako informazioa, beraz, ez da inolako kondaira; egia da!” Etxeberriak esan zuenez, “Otsoportilloko memoria-tokiak biktima hauek utzi zituzten beste leze, koba, zulo eta bestelakoak irudikatzen ditu”.
Forentseak azaldu zuenez, “sekula opatuko ez ditugun tokian daude. Ez zituzten soilik erail. Gainera, estali egin zituzten, opa ez zitzaten. Horregatik, haiek bilatze hutsak aparteko garrantzia du”. Itxaropen faltsurik ezin dutela sortu gaztigatu zuen: “Franciscok sekula opatuko ez ditugun besteak ordezkatzen ditu. Lan hau zaila da. Batzuetan etsigarria izan daiteke; bilatu eta ez delako opatzen edo identifikazioak osotasuneko kasu gutxi argitzen dituenean”.
Horregatik, Etxeberriak nabarmendu zuen “Otsoportillo eta Francisco gainerako guztiak ordezkatzen ari dira”. Eraildakoen bilaketak “balio demokratikoak finkatzeko eta giza eskubideen diskurtsoa zabaltzeko balio behar du”. Gaztigatu zuenez, “sentimenduek ez dute preskribatzen. Biktimen senideek egia ezagutzeko eskubidea dute beti”. Senide eta erakundeek emandako konfiantza eskertu zuen azkenik.
Eskaera
Joan den urteko garagarrilean bitan jaitsi ziren Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Otsoportilloko lezera. Bigarrenean bederatzi pertsonen gorpuzkiak atera zituzten. Haietako lau identifikatu zituzten. Bost identifikatzeko daude. Aranzadi Zientzia Elkarteko Lourdes Errastik deia egin zuen: “norbaitek uste badu bere senitartekoren bat desagertua izan zela eta non dagoen ez baleki, ondo legoke informazio hori guri emanen baligu. Horrela, agian, beste bost pertsonak identifika ditzakegu”. Horregatik, DNA laginak ematearekin batera, “datuak balituzte ongi legoke jakinaraztea”. Esaterako, Otsoportilloko gorpuzkiak metalezko kutxan zeinek eta noiz sartu zituen jakitea. Beste edozein datuk ere “ikerketak aurrera egitea lagunduko du”.
Aranzadiko kideak Otsoportillon berriro sartzeko asmoa dute. “Gainean dagoen legarra kendu eta arrasto gehiago gelditzen diren ikusiko dugu. Bederatzi pertsonen gorpuzkiak ditugu. Gehiago ez daudela ziurtatu behar dugu”. Data zehatzik ez dute, baina udazken aldera izan litekeela esan digu Errastik.