Urdiaingo Udalak 440.000 euroko aurrekontua izanen du aurten, joan den urtekoan baino 7.000 euro gehiago. Aurrekontuaren zati handiena udalaren funtzionamenduak eta ohiko gastuek eramaten dute eta “normalean oso margen gutxi gelditzen da beste gauzetarako. Margena sortzekotan ezohiko diru sarreretatik lortzen da”, azaldu du David Oroz alkateak. Joan den urtean udalak ezohiko diru sarrerak izan zituen: Eulaliaren etxearen salmentagatik 43.400 euro eta baso aprobetxamendutik 54.400 euro. “Sarrera horiek inbertsioetarako erabiltzen ditugu”. Aparteko diru sarrera horrekin “beharra” zuten pare bat gauza egin zituzten: haurren jolas parkea berritu eta bentako teilatua konpondu (40.000 euro inguru).
Herrian “beti dago zerbait egiteko” ziurtatu du Orozek. Eta horietako batzuk aurreratu dizkigu. “Momentuz, bentako beheko plantari zentzu bat eman. Aurreko aldean, gazteendako txoko txukun bat. Behar dutelako, eta merezi dutelako euren ekintzak eta gauzak modu eta txoko duin batean egin ahal izateko”. Gaur egun frontoiaren azpiko gelaxka batean dute egoitza eta hari gazteek “antro” deitzen omen diote. Atzeko aldea, berriz, udal biltegia da.
Kanpo santua
Alkateak azaldu digunez, “hilerria betetzen ari zitzaigun. Pentsatzen genuen kanpo-santuak ezin zuela toki gehiago hartu. Kanpo santuak zati zaharra eta berria ditu. Azken hori betetzear zegoen. Erabaki genuen zaharretik gorpuzkiak ateratzeko aukera ematea. Horretarako joan den urte osoa egon zen. Batzuek atera zituzten eta besteek bertan uztea erabaki dute”. Orain gainean lurra botatzea eta dena berdintzea da asmoa, “pixka bat txukuntzeko. Eta hor urteetarako tokia izanen dugu”. Kolunbarioak ere egin dituzte, hautsen-ontziek tokia izan dezaten.
Aitziber elkarteak Urriztin duen igerilekuak konponketa premia du. “Igerilekuek herri osoari ematen dioten zerbitzua ukaezina da”. Inbertsio handia egin behar da eta elkartetik laguntza eske etorri ziren. Lanak egiten dituztenean udalak 30.000 euro emanen ditu. Gure ahalmenaren barruan dagoen kopurua da”, argitu du alkateak; “alde guztiak pozik gelditzeko moduko akordio batera iritsi garela uste dut”.
Bestelako lanak ere aurreikusten ditu udalak. Maubiako pistaren hasieran, esaterako, egurrarendako kargatzeko egitura egin nahi da. 32.000 euroko aurrekontua du eta haren 13.583 euro Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin pagatuko da. Orain arte basotik ateratako enborrak igerilekuen ondoan uzten ziren, “inpaktu aldetik, baina batez ere segurtasunagatik, ez zitzaigun tokirik egokiena iruditzen”. Iruñetik diru-laguntza jasoz gero Berroetakozuloko bidea konponduko luke udalak. Azkenik, www.urdiain.eus web orria sortzekotan da udala.